Hamar talde arituko dira Tabakalerako Irudi Grafikoa Diseinatzeko Lehiaketan
Donostiako arte zentroak bere nortasun grafikoa aurkeratzeko abian jarritako lehiaketan ehundik gora parte hartzaileek eman dute izena. Aukeraketa lan mardularen ondotik, hamar bakarrik hautatu dituzte.
GARA | DONOSTIA
Hamar lantalde arituko dira Donostiako Tabakalerako Irudi Grafikoa Diseinatzeko Lehiaketan, hots, zentroaren nortasun grafikoa aukeratzeko dagoeneko abian den lehiaketan .
Finalerako sailkatzea ez da batere erreza izan, izan ere, otsailaren 12an Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak egindako deialdiak harrera benetan beroa izan zuen, eta ehun bat lantaldek eman zuten izena. Tabakalerak jakinarazitakoaren arabera, deialdiari Euskal Herri osoko 43 taldek erantzun diote, Bartzelonako 20k, Madrilgo 14k, Estatu espainiarreko 15ek eta munduko beste hainbat tokitako 8k .
Aukeratutako taldeen maila ikusita, epaimahaiak hautaketa zorrotza egin behar izan zuen, eta ondorioz, diseinu munduko profesional garrantzitsuak hautatuen taldetik at geratu dira. Nortasun grafikoen diseinuan esperientzia eta egiaztatutako gaitasunaz gain, epaimahaiak beste alderdi batzuk ere hartu ditu kontuan hautaketa egiterako orduan, hala nola, hizkuntza grafiko ezberdinak lantzeko gaitasuna, Tabakalerako proiektuaren berezitasunarekiko egokitzapena eta diseinu munduko askotariko ordezkaritza osatzea.
Epaimahaia
Horiek hala, epaimahaia, diseinuan aitortutako prestigioa duten lau adituk eta Tabakalerako zuzendaritzako bi kidek osatu dute: Norberto Chaves, erakundeen identifikazioan aditua eta epaimahaiaren koordinatzaile teknikoa; Daniel Giralt-Miracle, diseinuaren historian eta zentro kulturalen zuzendaritzan aditua; Pedro García Ramos, erakusketetan eta ekimen kulturaletan espezializatutako diseinatzailea; Angelica Barco, Bilboko `El Plan B' estudioko diseinatzaile grafikoa; Joxean Muñoz, Tabakalerako zuzendari nagusia; eta Rosa Zufia, Tabakalerako Komunikazio zuzendaria. Datozen hilabeteetan aurkeztuko diren proiektuak aztertu, eta Tabakaleraren nortasun grafikoa zein izango den aukeratzeko ardura izango dutenak arestian aipatutako epaimahaikide horiek berak izango dira.