GARA > Idatzia > Kultura

Blas de Otero Nazioarteko Poesia saria sortu dute, idazlearen jaiotzaren urteurrena ospatzeko

Blas de Otero-Bilboko Uria Nazioarteko Poesia Saria sortu dute poeta bilbotarraren oroitzapenetan. «Omenaldirik onena da», ziurtatu zuten arduradunek. Poesia errezitaldia ere antolatu dute ostiralerako.

p063_f01_148x104.jpg

Marta MORALES | BILBO

Blas de Oteroren (Bilbo, 1916-1979) jaiotzaren urteurrena ospatuko da datorren larunbatean, martxoak 15, eta, poeta bilbotarraren oroitzapenetan, Blas de Otero-Bilboko Uria Nazioarteko Poesia Saria sortu dute Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak aurten. «Literatura sari hau idazleari egin ahal zaionik eta omenaldirik onena da», ziurtatu zuen Iñaki López de Aguileta Udaletxeko Kultura Arloko zuzendariak atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Berarekin batera, Begoña Morán Bidebarrieta Kulturguneko programatzailea ere izan zen.

Sari honen lehenengo edizioaren xede nagusia literatur sormena -bai euskarazkoa bai gaztelaniazkoa- sustatzeaz gain, bilbotarrei «bertako idazlerik handienetakoa izan zenaren lana hurbiltzea» izango dela nabarmendu zuten.

«Pido la paz y la palabra» lanaren egilea Hurtado de Amezaga kalean jaio zen duela 92 urte. Aurkezpenean, poetaren lana eta izaera goretsi zuten, eta bidaiari nekaezina izan zela ekarri zuten gogora. Hala ere, «Bilbo bihotzean eraman zuen beti, bere idatzietan «elizkoikeriaz» betetako, eta «bihozgabe» gisa deskribatzen zuen Bilbo hura», agertu zuen López de Aguiletak.

Blas de Otero-Bilboko Uria Nazioarteko Poesia Sarien lehenengo edizio honetan, edozein naziotako idazleek parte hartu ahal izango dute, eta diru-saria 6.600 eurokoa izango da bi modalitateetan, euskaraz nahiz gaztelaniazk.

Ekainaren 15a baino lehen

Begoña Moránek arauen berri eman zuen. Besteak beste, inoiz argitaratu ez diren jatorrizko lanak onartuko direla nabarmendu zuen, eta 700 eta 1.000 lerro bitarteko luzeera izan beharko dutela aipatu zuen. «Aurkeztuko diren lanak kalitate handikoak izango direlakoan gaude», adierazi zuten arduradunek.

Lanak ekainaren 15a baino lehen igorri behar dira Barrainkuako Kultur Etxera. Sariketan parte hartzeko bete beharrekoak eta epaimahaiaren erabakia plazaratzen direnean, www.bilbao.net webgunean izango dira eskuragarri. Irabazlearen izenaren berri urri aldera emango dutela jakinarazi zuen Begoña Moránek. «Lehenengo aldia denez, zaila da jakitea zenbat lan aurkeztuko diren, beraz, ezin dugu epaia jakinarazteko data zehatzik eman», gaineratu zuen.

Bestalde, Blas de Otero poeta bilbotarraren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, Bidebarrieta Kulturguneak doako poesia errezitaldia antolatu du datorren ostiralerako, hilak 14, liburutegiko ekitaldi aretoan, 19.30etik aurrera. «Egun bat lehenago egin behar izan dugu, poetaren jaiotze data larunbatean baita aurten», azaldu zuen López de Aguiletak.

«Blas de Otero irakurtzen» izeneko omenaldian hiru poeta izango dira: Kirmen Uribe ondarroarra, Vicente Gallego valentziarra eta Zaragozako Jose Antonio Labordeta. «Hiru poeta hauen lanek ez daukate zerikusirik Blas de Oteroren lanekin. Apropos egin dugu. Izan ere, hirurek poeta bilbotarraren lanarenganako zaletasuna baino ez dute komunean», agertu zuen Begoña Moránek.

Hiru poeta hauetako bakoitzak Blas de Oteroren obra osoa kontuan hartuta, handik gogokoen dituen bi poemak irakurriko ditu, eta, ondoren, beraiek aukeratutako lan propio bat irakurriko dute.

Fitxa

Zer: Blas de Otero-Bilboko Uria Nazioarteko Poesia Saria.

Epea: Ekainaren 15a arte.

Non: Lanak Barrainkuako Kultur Etxean aurkeztu behar dira.

Saria: 6.600 euro sail bakoitzean.

Antolatzaileak: Bilboko Udala eta Blas de Otero Fundazioa.

Informazio gehiago: www.bilbao.net

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo