EAk etorkizunari arduraz begiratzen dio bozen %37,5 galdu ondoren
Iker BIZKARGUENAGA | GASTEIZ
EAko idazkari nagusi Mikel Irujok atzo adierazi zuenez, talde abertzale guztiek egin behar dute hausnarketa igandean izandako emaitzen gainean. Bere alderdiak behintzat hausnarketa sakona egin beharko du azken legealdian bozen %37,5 galdu ondoren. 50.121 boz bakarrik jaso ditu EAk hautestontziekin izandako azken hitzorduan. Duela lau urte 80.905 eskuratu zituen. Galera, beraz, izugarria izan da.
Unai Ziarreta buru duen alderdiak Gipuzkoan Kongresu espainoleko eserleku bat lortuko zuen itxaropena zuen. Herrialde hau izan da betidanik EAren gotorlekua, baina 1993tik -66.645 boz lortu zituen orduan- atzo arte urtetik urtera indarra galtzen joan da. Oraingoan gipuzkoarrek ez diote itxaropen horri nahi bezala erantzun, eta EAk 25.352 boz baino ez ditu erdietsi herrialdean.
Horiek hala, Nekane Altzelai ez da diputatu izango, eta Begoña Lasagabasterrek ez du ondorengorik izango Madrilen.
Bizkaian emaitzak ez dira hobeak izan -19.484 boz- eta Araban oso gutxigatik gainditu du 5.000 bozen muga.
Kanpaina hasi aurreko hilabeteetan, mahai gainean jarri zen «erabakitze eskubidearen alde» alderdien arteko -EAJ eta EA bereziki- koalizio bat sortzeko aukera, baina azkenean ezerezean geratu zen. Irujok eta Elisa Sainz de Murieta Antolakuntza idazkariak atzo egindako agerraldian auzi hau aipatu zuten, eta hurrengo urteetarako beren hautua koalizio hori izan beharko litzatekeela aditzera eman zuten. Edonola ere, kontuan hartu beharko lukete hainbatetan EAJrekin batera aurkeztu ostean, batera joateari uko egin eta bakarrik aurkeztu direnean lortutako emaitzak ez direla batere onak izan -ez ziren onak izan 2007ko maiatzean eta oso txarrak izan ziren igandean-.
Berriz ere EAJren magalean jartzeko tentazioa izan lezakete EAko buruzagiek, baina jakin badakite horrek alderdiaren izaera propioa galtzeko benetako arriskua ekar lezakeela.
Hori guztia ikusita, Ziarreta buru duen alderdiak arretaz begiratu beharko dio beren proiektu politikoak duen bideragarritasunari eta, bideragarritasun hori bermatze aldera, heldu diren hilabeteetan eman beharreko pausoei.