EH Baik ezin ditu babestu «ez eskuin ukatzailea, ez ezker itxia»
Lehen itzuliko emaitzei «bikain» iritzita, bigarrenerako boz gomendioak eman zituen atzo EH Bai koalizioak. Angelu Hegoaldea, Biarritz Ekialdea eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetarako ez zuen konsignarik eman. Alta, Hendaiakoan Poulouri «boz bakarra ere» ez ematera deitu zuen. Uztaritzen eta Baigorrin, jakina, bere hautagaiak bozkatzea eskatu zuen.
Arantxa MANTEROLA |
Euskal Herria Bai ez da sartuko Paueko Kontseiluan gehiengoak osatzeko jokoan, «aurreikusten diren bi hipotesietatik, ez bata eta ez bestea ez zaigulako komeni». Hori adierazi zuen, atzo Baionan, kantonamenduetako bozen bigarren itzuliaren atarian egoeraz egiten duen azterketa azaldu zuenean.
«Ezin diogu Euskal Herriaren aurka ari den, herritarrak kontsultatu nahi ez dituen eta laborantza intentsiboaren eta transgenikoen alde dagoen eskuinari inongo babesik eman. Ezta lehen kontseilari abertzalea Kontseiluan sartu zenean txistuka eta irainka hartu zuen ezker hertsi eta jakobinoari ere», esan zuen Idoia Ospitaletxe Uztaritzeko hautagaiaren ordezkoak.
Lehen itzuliko emaitzak «biziki ontzat» jota, abertzaleak esparru politikoan «erreferente saihestezin» bilakatu direla nabarmendu zuen: «Baieztatu egin da aurreko bozetako joera, hots, egun abertzaleok hirugarren indar politikoa garela».
Indar hori baliatzeko, EH Baik, bigarren itzuliari begira, zazpi irizpide atera zituen mahai gainera: Euskal Herriaren onarpen instituzionala, euskararen ofizialtasuna, euskal presoei estatus politikoa aitortu eta beren eskubideak errespetatzea, demokraziaren egikaritzeko Bateraren kontsulta eskaerarekin bat egitea, azpiegitura handien luzamendua, laborantza iraunkorra eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera ofizialki onartzea eta «Sarkozyren politika ultraliberalari» aurre egitea.
Ildo horietan erantzun duen hautagairik izan ez denez, EH Bairen boz gomendioak azaldu zituen Ospitaletxek. Hala, Angelu Hegoaldea, Biarritz Ekialdea eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetarako ez zioten kontsignarik eman hautesleei. Alta, Hendaiako kantonamendurako «Daniel Poulou eskuineko hautagaiari boz bakarra ere» ez ematera deitu zituen boto-emaile abertzaleak.
Bi hautagai abertzale
Gainerako kantonamenduetan, jakina, EH Baiko bi hautagaiak sostengatzera deitu zuen. Uztaritzen aurkeztu den Mixel Mendibourek hitza hartu eta «bere kantonamenduan aukera guztiak irekita daudenez, aldaketa posible» dela esan zuen.
Kritika gogorra egin zien bai Bernard Auroyri, bai Ferdinand Daguerreri (biak eskuineko hautagaiak), besteren artean, «Euskal Herria ukatu» eta «beren hitza jateagatik», orain AHTren linea berria ez dutelako «ezta aipatu ere egiten».
Baigorriko Jean-Mixel Galantek, berriz, «kantonamendurako proiektuak gauzatu baino, eskuinak Pauen bere agintea ziurtatzea» duela helburu adierazi zuen bezperan Jean-Jacques Lasserrek eta Max Brissonek bere aurkari Jean-Baptiste Lamberti egindako sostengu bisitaren karietara.
Hautesleek bi aukeren artean erabaki beharko dutela gaineratu zuen egun kontseilari abertzale bakarra denak: «Hautagai bateratzaile eta baztertzailearen artean; ideietan sinesten duenaren eta Paueko Kontseiluko gehiengoaren morroi izango denaren artean; kantonamenduko gaiak edo alderdikoak lehenetsiko dituenaren artean hautua egin beharko dute igandean herritarrek».
Oraingoan ere «asmo bateratzailearekin» aurkeztuko dela nabarmendu zuen Galantek, igandean bozkatzera joateko dei eginez. Mendibourek ere boz bakoitzak «balio handia» duela eta «Parisen begi zorrotzez behatuko» dituztela adierazita, igandean «etxean ez geratzeko eta bozkatzeko» eskatu zuen.
Departamenduan hartutako irizpideari jarraiki, Daniel Romestant Uztaritzeko kantonamenduko hautagai komunistak ez dela erretiratuko esan zion EH Baikoari. Mendibourek berak baino boto gehiago jaso zituen (%19,58 - %19,18).
Biarritzekin aurkeztu Philippe Etxeberrik (Berdeak) Joel Breque sozialistaren alde egin du bigarren itzulirako. Herriko Etxerako, berriz, Peio Claverieren alde agertu da. Biek onartu omen dituzte osotasunean Berdeek egindako proposamenak.
Kantonamenduetako hautagaiei egindako interpelazioaren emaitza jakinarazi du Anai Artea elkarteak.
Mozio baten bidez, euskal preso politikoak beren etxetik hurbilen dauden espetxeetara eramatearen eskaera bere egiten zuten galdetu zien preso eta iheslarien eskubideen defentsan jarduten duen elkarteak.
Zortzi hautagai azaldu dira eskakizunaren alde, hala nola, Biarrizko Bernard Gimenez (MoDem), Ezpeletako Vincent Bru (eskuina), Uztaritzeko Ferdinand Daguerre eta Bernard Auroy (biak eskuina) eta Mixel Mendiboure (EH Bai), Hendaiako Kotte Ezenarro (PS), Donibane Lohizuneko Philippe Juzan (UMP) eta Baigorriko Jean-Mixel Galant (EH Bai).
Anai Arteak adierazi du «Frantziak eta Espainiak hurbiltze hori egitea keinu indartsua» izango litzatekeela «euskal gatazkaren oraingo egoera lazgarrian». A. M.