Sokatira
Dena erabakita dagoela amaituko da txapelketa
J.L. | DONOSTIA
Euskal Herriko Sokatira Txapelketa bihar amaituko da Lesakan. Arratsaldeko bostetatik aurrera nesken 480 kiloko laugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta baita mutilen 560 kiloko azkenekoa ere.
Hala eta guztiz ere, azken ekinaldi honek ez du aparteko emoziorik izango. Akaso, 560 kiloko bigarren posturako egon daiteke emozio apurren bat, izan ere, gainerako guztia erabakita dago.
Nesketan, Badaiotz dago lehen postuan 9 punturekin; Beti Gazte Lesakakoak 6 ditu eta hiru Giriziak. Hemen beraz, erabaki beharrekoa erabakita dago.
Mutiletan, bi jardunaldi jokatu dira, eta Abadiñok irabazi ditu biak, hala, hauek ere txapela ziurtatuta dute. Bigarren postuan Berriozar dago, eta puntu baten aldea ateratzen dio Amaiurri. Hortxe egon daiteke nolabaiteko emozioa, bigarren postu horretarako, gainerakoan, ezer gutxi erabakiko baita.