GARA > Idatzia > Ekonomia

El «caso Kako» se salda con penas de cárcel y multas

Atzo Baionako epaitegiak Kako auziko epaia eman zuen. Jendarmeen deklarazioetan bakarrik oinarrituta, Etxetori, Larrañagari eta Aizagerreri bi eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete. Beste hirurek, 500 eta 600 euro bitarteko isuna ordaindu beharko dute.

Eneritz ZABALETA |

Atzo eman zuen Baionako auzitegiak urtarrilaren 17an, Kako baserriaren oinordetzaren inguruko bilera batean gertatutako istiluen inguruko epaia. François Rachoux, Baionako auzitegiko lehendakariak 2 eta 4 hilabeteko kartzela zigorra galdegin zuen akusatutakoetatik hirurentzat (Frantxoa Irigoien, Fred Larrañaga Kako baserriko laboraria, eta Beñat Etxeto). Hala ere, zigorra ez dute beteko hirurek, baldin eta hurrengo bost urteetan bestelako kondenarik jasotzen ez duten.

Beste hiru kondenatuek, berriz, Virginie Brunet, Jean Michel Dunat eta Jean Michel Aizagerre, 500 eta 600 euro arteko isunak ordainaraztera kondenatuak izan ziren.

Lehen hiru zigorren kasuan, Patrice Michel prokuradoreak eskatutakoak baino zigor gogorragoak finkatu ditu François Rachoux epaileak. Isunetara zigortutakoen kasuan, aldiz, epaileak prokuradorearen eskea baino zigor txikiagoa finkatu du. Ororen buru, auzian oso gogor mintzatu zen prokuradorearen eske bakar bat ere ez du jarraitu epaileak.

Harridura eta atxikimenduak

Epaitegi atarian zur eta lur zeuden sei kondenatuak: «herri xehearen borroka sindikalak zigortzeko okasioa hartu dute. Gu, Larrañagak Kako baserrian jarraitzeko borrokatu gara, eta horretan jarraituko dugu», esan zuen Frantxoa Irigoienek kondenatuen izenean. Bestalde, abokatuek euskal borroka sindikalak bizi duen «diskriminazioa» salatu zuten: «Pauen ekintza sindikalak arazorik gabe pasatzen dira, eta hemen epaitegietara eramaten dira, oso zigor gogorrak emanda gainera», erran zuen Larrea abokatuak. Dei egin ala ez, astean zehar erabakiko dute akusatuek, astelehenean denen artean bilkura bat egin ondoren.

Kartzela zigorrA

Etxetok, Aizagerrek eta Larrañagak kartzela zigorra jaso dute, ustez Donapauleko jendarmeei oldartu zaizkielakoan. Harriak botaz, lepotik helduz eta aterki batekin kolpatuz eraso omen zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo