GARA > Idatzia > Kultura

Isiltasunez beteriko jazz diskoa kaleratu du Joserra Senperena pianistak

Senperenak «Dardaren interpretazioa» izeneko diskoa kaleratu du. Jazz eta «blues abstraktu» doinuak dakartza donostiarrak oraingoan ere, eta «Mandarin dotore» edo «Chillida Leku» lanetan bezalaxe, beste arte diziplina batzuetako lagunekin elkarlanean eratu du. Honakoan, kantuak egiteko «abiapuntua» izen bereko Harkaitz Canoren liburuko poesietan aurkitu zuen, eta 13 kantu instrumental izan da emaitza. Poesiak ere bildu dituzte diskoko liburuxkan.

p054_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Joserra Senperena piano jotzaile donostiarrak bosgarren lana kaleratu berri du, «Dardaren interpretazioa». Bebop jazz estiloaren barruan bere isilune bizi eta esanguratsuengatik ezagutzen den Thelonious Monk pianista handiaren miresle izaki, diskoan jaso diren 13 kantetan doinuari eman dio garrantzia Senperenak, hau da, «melodia zein isiluneei».

Apaingarri handirik gabeko lana da, jazz estiloari jarraitzen diona, «blues abstraktua» bezala ere definitu daitekeena Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen hitzetan. Lau lagun biluzik agertzen dituen lana dela ere esan daiteke; Joserra Senperena bera pianoan, donostiarraren lehen bi diskoetan berarekin lan egin duen Pedro Barceló bateria jotzailea, Miguel Rodrigáñez kontrabaxuan, eta Harkatiz Cano idazlea.

Izan ere, duela hiru bat urte hasi zen Senperena lan hau prestatzen, eta orduan jaso zuen Harkaitz Canoren «Dardaren interpretazioa» poesia liburua. «`Mandarin dotore' lanarekin bezala hasi nintzen lanean. Errazagoa egiten zait abiapuntu bat izatea lanean hasteko, hau da, poema bat, irudi bat, letra bat...», argitu zuen. Hala, Canoren poesiak hartu, eta musikara ekarri ditu piano-jotzaileak. Idazleak bidalitako 26 poemetatik 13 hautatu zituen, eta horiek dira diskoan biltzen direnak. Horietako hiru, gainera, espresuki diskorako idatzi zituen Canok; bata Senperenari berari idatzia, kontrabaxuari bestea, eta azkenik, diskoko azken kanta, «trasteak jasotzeko uneari», esan zuen Canok.

Era berean, musikariak «diskurtso luzerik gabeko» kantuak egin dituela azaldu zuen, «abestiak dira ez gehiago ez gutxiago», esan zuen. «Aurreko diskoetan baino inprobisazio gutxiago dago lanean, abestiei aire pixka bat emateko beharrezkoa dena besterik ez». Aipatzekoa da ildo horretan, abestiak hiru egunetan zuzenean jota grabatu dituztela, «musika mota honetan behar den bezala», Senperenaren ustez.

Harkaitz Canok diskoaren estiloa definitzeko «eskailerapeko bluesa» hitz jokoa erabili zuen; «Madrilen bazegoen arte galeria txiki bat, diru kontuak zirela-eta, eskailerapean geratzen zen lokaltxoan zegoen zapatariari alokatu ziotena; xarma handikoa zen, eskailerapeko ardoari ere berezia dela esaten zaio».

HIRIA

Hiriko bizitzari buruz hitz egiten dute Harkaitz Canoren poesiek, izan ere, idazlearen ustez, «hiri handiak anplifikadore modukoak dira. Zure animo egoera bera ere handitu egiten dute».

«Tronpetari frustratu» izanda «idazle koxkor» bihurtu denaren poesiak

Azken hamar urteotan ez omen du poesia askorik idatzi Harkaitz Cano idazleak. «Egia esan, hamar bat poesia besterik ez dut idatzi, eta onak, hiru bakarrik, disko honetarako espresuki idatzitakoak», aitortu zuen umoretsu. Hala, diskoa bera hizpide hartuta, Canok esan zuenez, Senperenak «poemei esentzia musikala atera zien, eta nik kontrakoa egin nuen beste hiru kanta horietan; hiru melodia zituen, eta nik poema bana idatzi nuen». Era berean, idazleak aitormen gehiago ere egin zuen; izan ere, bi urtez tronpeta jotzen aritu izan zen Cano, baina ez omen zen horretan oso iaioa. «Jazzeko tronpetari on bat galdu, eta idazle koxkor bat sortu zen orduan», azaldu zuen. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo