Zentsura-mozioaren egokitasuna ikuspegi orokor batetik aztertzeko deiak
PP izan da EAE-ANVri Arrasateko Alkatetza kentzeko zentsura-mozioa aurkezteko erabakia iragarri duen alderdi politiko bakarra. Gaine-rakoen artean, Gipuzkoako herrian hartu beharreko erabakia hausnarketa orokor baten barruan egiteko deiak izan dira nagusi.
GARA |
Unai Ziarreta EAren presidenteak atzo ETBn egindako elkarrizketan esan zuenez, EAE-ANV Arrasateko Alkatetzatik kentzeko zentsura-mozioaren aukera aztertuko dute, baina bere ustez, «udal eta erakunde askotan dagoen egoerari buruzko hausnarketa orokorra» egin behar da.
Ziarretaren arabera, Arrasaten gertaturikoa «oso larria eta zentsura-mozioa aurkeztea aztertzeko modukoa da». Hori dela-eta, Arrasateko Udalean ordez- karitza duten indar politikoek «etengabeko hartu-emanak» dituztela jakinarazi zuen. Hala ere, Eusko Alkartasunaren presidenteak uste du erabakiak ez direla «egoera hunkigarrien» eraginpean hartu behar, eta kontuan hartu behar dela EAE-ANV «lortutako bozei esker» dagoela udalerri askotan.
Unai Ziarreta ez da izan erabaki bat hartzeko egoera lasaitasunez aztertzeko deia egin duen bakarra. Esate baterako, EB-Zutik koalizioak ez du oraindik zentsura-mozioa aurrera ateratzeko borondaterik agertu, EAE-ANVrekin Arrasaten zuten gobernu-akordioa hautsi eta opo- siziora pasatu ondoren. Ezker Batuko eledun Mikel Arana, herenegun, zalantzati agertu zen Ino Galparsoro Alkatetzatik kentzeko aukeraren gainean.
Ziarretak bezala, Aranak eta PSEk berak ere «estrategia orokorraz» hitz egin dute egunotan, PPren ekimenari baiezko espliziturik eman gabe.
Familiaren gutuna
Isaias Carrascoren senideek elkartasuna eta maitasuna adierazi dieten guztiei eskerrak emateko gutuna plazaratu zuten atzo. Idazki horretan, manifestazioetan parte hartu duen jendea aipatzeaz gain, joan den igandean bozkatzera joan zirenei «eta boza eman ziotenari eman ziotela ere, demokraziaren alde eta terrorismoaren kontra» agertu zirenei eskerrak ematen dizkiete.
Bestalde, PSEk omenaldia egin zion atzo Orioko kanposantuan atentatuan hildako Juan Priederi. Bertan, Miguel Buen Gipuzkoako idazkari nagusiak esan zuen joan den igandean lortutako emaitzak baliagarriak direla «ETAri lurralde hau guztiona dela eta guztiok dugula askatasunean bizitzeko eskubidea erakusteko».
PPk abstentziora jo zuen Lasarte-Oriako Udalbatzak Carrascoren heriotza salatzeko eztabaidatu zuen mozioaren aurrean. «Eudelek ANV-ETA erakundeetatik kentzeko parte aktiboa izateko beharra» adieraztea nahi zuen.