Mikel Aramendi Kazetaria
Sabaia zartatzen denean
Ezinbestez, datorren abuztuan Beijingen egingo diren Joko Olinpikoen ikusmiran hausnartu dituzte mendebaldeko hedabideek Tibeten, batik bat Lhasan, sutu diren istiluak. Alegia tibetarrek abagunea aprobetxatu nahi izan dutela, erbestean nahiz aberrian, beren herriaren okupazioa edota nazio-kultura suntsipena munduaren aurrera salatzeko, Txinako agintariek indarra erabiltzeko eragozpen bereziak izango dituztelako. Ez da astakeria. Baina seguruenik ez da auzia bere sakontasunean ulertzeko modurik zuhurrena.
Ez dut uste, inondik ere, protestak ezustean harrapatuko zituztenik Zongnanhaiko agintariak. Tibetar mugimenduak behatzea lehentasunezko zeregina da aspaldidanik txinatar zerbitzu sekretuentzat, nola Tibeten hala atzerrian. Are gehiago Hu Jintao agintari gorena denetik: bera zen Partiduaren buruzagia Tibeten 1989ko krisia sutu zenean, eta bera da egungo Partiduaren «aditua» auzi horretan. Handik abiatu zela Huren gorakada diote biografoek. Ordukoa aurrekaritzat hartu behar bada, nahiko argi dago zer gertatuko den orain ere: arrapostua gogorra izango da aginpidearen urraketa suposa dezakeen edozertan eta, aldiz, «kulturarekiko begirune neurriak» eskainiko dizkie tibetarrei. Beti ere luzarora begiratuz, aurtengo Joko Olinpikoen distira baino gauza funtsezkoagoak daudelako jokoan. Txinatarren segurtasun sentipena, esate baterako. Asia Erdialdea baita Txinaren ezkaratza
Arazoaren gakoa da segurtasun hori tibetarrak «handar herriaren oldean» gutxiengo ñimiño bat bilakatzean datzala txinatar gehien-gehienentzat (eta ez soilik Partidukoentzat, noski). «Murgiltze» prozesu hori aspaldi abiatu zen, eta Xinjiang Lurralde Autonomoan ematen ari denaren (duela zortzi urte, uigurrak eta handarrak ia parekaturik zeuden lurralde zabal hartan) oso parekoa litzateke. Iparraldera duen Qinghai probintzia begiratzea aski da Tibeten etorkizun demografikoa igartzeko: handarrak erdia baino gehiago dira Qinghain azken zentsuaren arabera.
Qinghaitik Lhasaraino doan Qingzang trenbidea, Hu Jintaoren obrarik kuttunena, duela bi urte martxan ipinia, da seguruenik tibetarren matxinada honen pizgailu nagusia, Joko Olinpikoak baino askoz gehiago. Munduko Sabairaino aise iristeko igogailua izan behar zuen. Eta, esperagarria zen bezala, berehalaxe zartarazi du sabai hauskorra, turismoa eta handarren inmigrazioa biderkatzeko tresna nagusia delako.