GARA > Idatzia > Kultura

Bilboaldea lehen aldiz irabazle Bertsolari Gazteen BBK Sariketan

GARA | BILBO

Bilboaldeko taldea aurreneko aldiz izan zen irabazle larunbatean jokatu zen Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketan. Horretarako, Ipar Uribeko talde indartsua menpean hartu behar izan zuen.

Bilboko Kafe Antzokia bertsozalez beterik zegoen, itxaropen handia zegoelako, etxeko taldeak Sariketako kanporaketetan izandako portaera ikusita, eta itxaropen hori ez zen hutsala suertatu.

Kontuan izan behar da Ipar Uribe lau aldiz izan dela irabazlea, beraz, teorian, beraiek ziren faboritoak, baina larunbatekoan giroak ere zerikusirik izango zuen.

Azpimarratzekoa da, bertsolariek beraiek esan zuten moduan, talde batean zein bestean erdalguneetako bertsolari urbanoak zirela kantatzen ari zirenak. Ipar Uribeko taldearen oinarria Algortako bertso eskola da, eta Bilboaldekoarena, berriz, Santutxuko eskola.

Talde bakoitzean seina bertsolari neurtu ziren, bi azpitaldetan banatuta: 18 urte artekoak, eta 19 eta 24 urte bitartekoak. Bilboaldean, Eire Larrea, Pello Ormazabal eta Irati Erkizia aritu ziren, 18 urte artekoetan, eta Arkaitz Zipitria, Eneko Piedra eta Oihana Bartra, 19 eta 24 urte bitartekoetan. Uribealdean, berriz, Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria, alde batetik, eta, bestetik, Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itsaso Paya.

415 eta 388

18 urte artekoetan, Ipar Uribe nagusitu zen, baina oso alde txikia aterata, 180,5 eta 176 geratu baitziren. 19 eta 24 urte bitartekoetan, aldiz, Bilboaldeak askoz ere alde handia- goa izan zuen: 239 eta 217,5. Guztira, 415 puntu lortu zituen Bilboaldeak; eta Ipar Uribek, 388.

Finalistarik gazteenari dagokion saria Ipar Uribeko Imanol Uriak eraman zuen. Bizkaiera modurik egokienean erabiltzen duenari eman ohi zaion saria, berriz, Busturialdeko taldeko Amaia Uriberentzat izan zen.

Aurten sei taldek hartu dute parte Sariketan: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe eta Lea-Artibai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo