AMATEUR | Euskaldun Txapelketa
Lizarteko Iraizoz eta Amador nagusitu ziren Lizarran
Bosgarren urtea du Atarrabiakoak amateur mailan eta atzo lortu zuen ibilbideko aurreneko garaipena, Costa Ricako taldekidearekin batera helmugaratuta Puyn
Unai IRARAGORRI | BILBO
Lizarte taldeak erakustaldi ederra eman zuen atzo Lizarrako Cirilo Zunzarrenen oroimenezko probran. Martin Iraizoz eta Andrey Amador batera helmugaratu ziren Puy-ko aldapan. Atarrabiakoak aurreneko garaipena erdietsi zuen amateur mailan.
Euskaldun Txapelketako lasterketa honek 120 kilometro zituen. Girgillao mendatean hasi zen erabakitzen, Iraizoz, Amador eta Telco taldeko Moyano eta Aseginolaza txirrindulariek hanka egin zutenean, beste aurkari guztiak atzean utzita.
Lizartekoak sendoenak ziren eta Aseginolazak eta Moyanok amore eman zuten Aiegiko erripan; Iraizozek eta Amadorrek, ordea, garaipenaren bidea hartu zuten. Hortaz, batera heldu ziren Puyko Basilikara. Amador ez zen lehiatu, eta Iraizozek merezita lortu zuen aurreneko garaipena, amateurretan daraman bosgarren denboraldian. Iaz, laugarren sailkatu zen, eta atzo jauzia eman zuen ospea bereganatzeko.
Madrilen, David Vitoria (UPV-Bancaja) nagusitu zen Macario Sari Nagusian, Espainiako Koparen barruan. Suitzarrak erasoa jo zuen helmugatik 20 kilometrora, eta bakarrik heldu zen. Tropela, berriz, 47 segundora iritsi zen; Esteban (Baque) zazpigarren, eta Lana (Azpiru-Ugarte) hamargarren sailkatuta. Vitoria profesionala izan zen Phonak eta BMC Racing Team taldeetan 2006 eta 2007 urteetan, hurrenez hurren. Aurten, ordea, Relaxekin zen lehiatzeko, baina taldea desagertu egin zenez, amateurretan lehiatzea erabaki zuen Valentziako UPV-Bancajan.