GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arrosadiako bizilagunak kalera aterako dira berriz indarkeria sexistaren aurka

Iruñeko Arrosadia auzoan elkarretaratze bat eginen dute gaur, bizilagun baten kontrako tratu txarrak izan direla kaleratu baita berriz ere. Indarkeria sexistaren aurka, autodefentsan biltzeko deia eginen dute.

p018_f01.jpg

GARA |

Gaur arratsaldeko zortzietan elkarretaratze bat eginen dute Arrrosadiako bizilagunek Felixa Munarriz Plazan, gizon bat atxilotu dutelako auzoan bikote-laguna jipoitzea egotzita. «Berriro ere gure auzoan tratu txarrak egon direla kaleratu da, eta gu ez gara isilik geratu behar», baieztatu dute antolatzaileek.

Joan den urtarrilaren 18an Tatiele de Souza gaztea zendu zen Arrosadian. Thiago Rosa Da Silva haren mutil-lagunak epailearen aurrean aitortu zuen sei labankada eman zizkiola. Albistearen berri izan eta segituan prestatu zituzten auzokideek protesta ekintzak. Hala, elkarretaratzeak, lanuzteak eta manifestazioak egin zituzten aski dela errateko, tratu txarrek bukatu behar dutela ohartarazteko. Kalera atera ziren «indar guztiekin gertaera hau salatu nahian». De Souza gaztearekin eta indarkeria sexista jasaten duten bertze emakume guztiekin daudela azaldu zuten.

Tatiele de Souza bere etxean aurkitu zuten hilda. 20 urteko gazte hau sei hilabete lehenago etorri zen Euskal Herrira Goias estatu brasildarretik, bere bizitza eta Brasilen utzi zuen semearena aurrera ateratzeko asmoz, baita amari laguntzeko helburuarekin ere. Baina legez ez zen existitzen. Gobernu espainiarrak Nafarroan duen ordezkariak, Vicente Ripak, hilketa gertatu eta ordu batzuetara aitortu zuenez, haren kontra bazegoen estatutik bidaltzeko agindu bat. Neska gazteak ez zuen hiritartasun eskubiderik eta, beraz, ez zituen gutxieneko eskubideak onartuta.

Kasu honen berri izatean egin zuten gauza bera eginen dute orain Arrosadiako auzotarrek, «nahiz eta datu zehatzik ez izan». Ez dute tratu txarrik onartuko, eta guztien artean aurre eginen diote indarkeria sexistari. «Sistema patriarkal honek emakumea gutxiagotasun egoeran egotea eta indarkeria matxista jasan behar izatea babesten du», kritikatu dute elkarretaratzea sustatzen duten lagunek.

Bizilagun guztiei dei egin diete

Horregatik, auzokide guztiei dei egin diete gaur kalera ateratzeko, eta ustez bikoteak jipoitu duen emakume horri eta egoera berean dauden andre guztiei elkartasuna eskaintzeko, haiekin daudela erakusteko, eta ez dutela tratu txar bat ere onartuko adierazteko. Indarkeria sexistaren aurka, autodefentsan biltzeko deia eginen dute iruñar hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo