GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Ezusterik ez da izan bakarkako lehen jardunaldian

Patxi Mindegia, Felix Etxeberria eta Juan Rodriguez ziren lehen ekinaldiak irabazteko faboritoak, eta hiru aizkolariak izango dira bigarren kanporaketan

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan atzo bertan abiatu zen Buruz Buruko Urrezko Aizkorako lehen hiru kanporaketetan, eta aurrez iragartzen zirenek egin dute aurrera. Beraz, Etxeberria, Patxi Mindegia eta Rodriguez I.a datorren kanporaketan izango dira.

Hiru neurketetan, aizkolariek lan bera egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa etzanda moztu behar zuten. Jarraian, tamaina bereko enborra, baina oraingoan zutik, eta azkenik, bi kana-erdiko etzanda.

Ariztegiren eta Patxi Mindegiaren arteko demak ikusmin dezentea piztu zuen. Alde batetik, Ariztegi Etxalarkoa da, Beratik gertukoa; eta bestetik, aurrez aurre zuen Patxi Mindegia, Mielen semea, eta zaleek bazuten Zubietakoa ikusteko gogoa.

Mindegiak ez zuen izan aparteko eragozpenik garaipena erdiesteko, hiru probak irabazita lortu baitzuen garaipena. Lehen 45 ontzakoa etzanda 47 segundotan bota zuen, eta hamasei segundo kendu zizkion Ariztegiri. Zutikakoan, aldea oraindik ere handiagoa izan zen. Zubietakoak, minutu bat eta 10 segundotan bota zuen enborra, eta minutu bat eta 52 segundotan, berriz, Etxalarkoak. Azkeneko proban ere Mindegia izan zen nagusi. Gero, 3 minutu eta 57 segundo behar izan zituen bi kana-erdiko botatzeko, eta 4 minutu eta 34 segundo, berriz, Ariztegik. Amaieran, 5 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Mindegiak, eta 7 minutu eta 27 segundo Ariztegik.

Bigarren saioan Etxeberria eta Eraso ziren neurtzekoak, baina azken honek uko egin zion larunbatean parte hartzeari, eta haren ordez, korrika eta presaka Bertiz sartu zuten. Sunbillako 25 urteko gazte hau, gainera, atzo plazaratu zen lehen aldiz, eta itxura nahiko ona eman zuen. Larretxeatarrekin ari da prestatzen.

Hala ere, Etxeberriak irabazteko arazorik ez zuen izan, eta hiru probetan atera zen garaile. Hau da, 56 segundotan bota zuen lehen 45 ontzakoa Etxeberriak, eta 18 segundo atera zizkion Bertizi. Zutikakoa, berriz, Felixek minutu bat eta 41 segundotan erdibitu zuen, eta bi minutu eta 14 segundotan, berriz, Bertizek. Bi kana-erdiko mozten, berriz, 4 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Etxeberriak, eta 5 minutu eta 10 segundo, berriz, Bertizek. Lan guztiak, 6 minutu eta 51 segundotan burutu zituen Etxeberrriak, eta 8 minutu eta 48 segundotan, berriz, Bertizek.

Azkeneko neurketan, Rodriguez I.a eta Amillano lehiatu ziren. Hiruretan orekatuena izango zela ematen zuen honek, baina segoviarraren aldeko joera zuen jendeak, eta berak irabazi zuen. Orekarik handiena, lehen 45 ontzakoan egon zen. Minutu bat eta sei segundotan moztu zuen nafarrak, eta segundo bat kendu zion segoviarrari.

Bigarren lanean, zutikakoan, alegia, Rodriguezek ez zuen hutsik egin, eta hortxe erabaki zuen neurketa. Minutu bat eta 58 segundotan bota zuen enborra, eta horrekin, 21 segundo kendu zizkion Amillanori.

Azkeneko probara hogei segundo aurretik heldu zen Rodriguez. Irabazi, ordea, Amillanok irabazi zuen, eta 5 minutu eta 35 segundo izan zen bere denbora, baina segundo bakar bat besterik kendu ez zionez, ez zion ezertarako balio izan. Amaieran, 8 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Rodriguezek bere lanak amaitzeko, eta bederatzi minutu, berriz, Amillanok. Atzoko lehen ekinaldiaren, ostean, hurrengoan, Etxeberria eta Rodriguez elkarren aurka neurtuko dira, eta Mindegiak Barberena izango du aurrez aurre.

Larretxea gazteak ez du barkatu gazte mailako norgehiagokan

Helduekin batera abiatu zen atzo, Beran, 18 urtetik beherakoen lehiaketa ere, eta Ohian Larretxeak, Donatoren semeak, ez zuen hutsik egin estraineko jardunaldi horretan.

Rodriguez II.a zuen aurrean, eta proba guztiak irabazi zituen. 7 minutu eta 30 segundo behar izan zituen proba guztiak amaitu ahal izateko, eta Segoviako aizkolari gazteak, berriz, 8 minutu eta 26 segundo behar izan zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo