Sokatira | Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñok, honako denboraldian lehen aldiz, tiraldirik irabazi gabe bukatu zuen
J.L. | DONOSTIA
Amaitu da Euskal Herriko goma gaineko txapelketa, eta azken jardunaldia Lesakan jokatu zen. Azken ekinaldi honetara heldu orduko, ia dena erabakita zegoen. Mutilen 560 kilotan, txapela segurtatuta zegoen, baina bigarren postua zegoen erabakitzeko. 480 kilotan, dena erabakita zegoen, sailkapeneko hiru postuak nola banatuko ziren pasa den asteburuan argitu zen-eta.
560 kilotan, ordea, ezustekoa izan zen, aurten lehen aldiz azken postuan geratu baitzen Abadiño. Orain arte ia tiraldirik galdu gabe zegoen, eta herenegun biak galdu zituen. Txapela segurtatua zuten, baina gazte batzuei aukera eman nahi izan zieten, eta nabaritu egin zen.
Berriozarren eta Amaiurren aurka galdu egin zuten berdeek, eta Amaiurrek Berriozarri irabazi egin zion. Beraz, azken jardunaldi honetan Amaiur izan zen onena, Berriozarren eta Abadiñoren aurretik. Sailkapen nagusian, ordea, berdinduta geratu ziren Amaiur eta Berriozar, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Hor, Amaiur izan zen nagusi. Sailkapen nagusia honela geratu da: Abadiño lehen postuan, 7 punturekin; bigarren Berriozar, 5,5 punturekin; eta hirugarren Amaiur, 5,5 punturekin.
Nesken azken jardunaldiak ez zuen ezer jokoan, dena erabakita baitzegoen, eta hala ere aurreko hiru jardunaldietako emaitzak errepikatu ziren. Badaiotzek denak irabazi zituen, eta Beti Gaztek, berriz, Girizia hartu zuen mendean. Sailkapen nagusian, Badaiotz izan da onena 12 punturekin; bigarren Beti Gazte izan da 8 punturekin; eta azkena Girizia 4rekin.