GARA > Idatzia > Kultura

«Ez nuen erori nahi eta horregatik egon nintzen besteetan baino urduriago»

p047_f01_194X116.jpg

Julen ZELAIETA Nafarroako bertsolari txapelduna

Beran jaio zen 1980. urtean, eta jokatu duen ondoz ondoko laugarren finala izan da aurtengoa. Besteetan baino urduriago sumatzen zen Elizondoko saioan, lotuago bezala. Txapela aurreko urteetan baino presenteago zuen, eta igartzen zitzaion. Ondo ospatuta eta lo gutxi samar eginda zegoen atzoko biharamun gozoan, baina, irribartsu hala ere, irribarre errazekoa baita Julen Zelaieta.

Irristada pare bat egin zituen eta, horregatik, ez zuen uste txapela berarentzat izango zenik. Bere izena entzun zuenean, lehenbizi harritu eta, gero, izugarri poztu zen. Behar bezala ospatu, eta berandu etxeratu zen. Hala ere, ez zuen lo askorik egin, ezin omen zuen baretu aurreko egunean pasatako tentsioa.

Zorionak. Nolako ajea duzu?

Mila esker. Aje nahiko ona daukat, lo gutxi egin dut, bizpahiru ordu edo. Urduritasunagatik eta tentsioagatik ez dut apenas lorik egin. Baina ongi nago.

Rikardori eskaini zenion txapela. Nor da, bada?

Rikardo Ederra Dindaia Fundazioko sortzailea izan zen, eta hor egiten dut lan nik. Fabrikan ibili nintzen bost urtean eta, ondoren, Haur Hezkuntza ikasi nuenez, horretan saiatzea erabaki nuen. Rikardo izan zen aukera hori eman zidana, eta nirekin izugarri ondo portatu zen. Joan den irailean utzi gintuen Rikardok, eta banuen berarekin zor bat. Espero dut zor horren zati bat kitatu dudala.

Nola sentitu zinen finalean?

Hasieran oso urduri, ez nekien gai izango ote nintzen zerbait txukuna egiteko. Oso gorputzaldi txarrarekin hasi nuen saioa. Zortziko handian hasi, eta ongi joan zen; zortziko txikian ere nahiko ondo; puntua, balekoa izan zen, eta orduan hasi nintzen pixka bat baretzen eta animatzen. Baina, saio osoa tentsioan eman nuen. Banekien ezin nuela erori. Pare bat irristada izan nituen, eta kartzelara iristerako banekien ondo samar aritu nintzela, hor goian egoteko moduan, baina txapela ez nuen hagitz argi ikusten.

Eta, orokorrean, nola ikusi zenuen saioa oholtza gainetik?

Uste dut lehengo urtekoa baino hobea izan zela finala. Maila nahiko ona izan zen, nahiz eta kartzelakoak ez nituen entzun. Baina bertso onak izan ziren eta bertsozaleak oso animatuta ikusi nituen. Finalak, besta bat den aldetik, horrelakoa behar du.

Normalean baino urduriago eta lotuago ikusten zitzaizun. Atzoko finala desberdina al zen?

Nahiz esan denak gozatzera joan ginela, denek genekien txapela hor zegoela. Ongi ikusten nuen nire burua, eta txapelaren bila atera nahi nuen. Horregatik ez nuen erori nahi, hor zegoen koska, eta horregatik nengoen urduriago.

Harrituta ere geratu zinen txapeldun zinela jakitean.

Egia esan besteren baten izena entzutea espero nuen. Julio ikusi nuen nik oso ondo. Bere kartzelakoa ez nuen entzun, baina jendearen txaloak entzuten nituen kartzelatik, eta sekulakoak izan ziren Sotok kantatu zuenean. Baita Terrerosek kantatu zuenean ere. Eta pentsatu nuen Julio izango zela txapelduna.

Azkena kantatzea egokitu zitzaizun. Kartzelan denbora dezente eman zenuen. Hori ona izaten da, ala txarra?

Egia erran, lehenengoa izan baino nahiago dut azkena izan. Aukera ematen dizu besteen lanak entzuteko eta, bidenabar, zure burua berotzeko. Eta, kartzelan, nahiko giro ona genuen. Solasean aritu ginen, eta nire alde neukan bukaeran ni bakarrik geratu nintzela. Abantaila txiki hori banuen nik, neure buruarekin bakarrik egoteko tartetxo hori izan nuela.

Kartzelakoan haur baten paperean sartu, eta buelta polita eman zenion gaiari.

Kartzelako gaiarekin banuen arantza txiki bat. Finalerdietan ez nuen gaia ondo ulertu. Horrez gain, beti umoretik jotzeko joera daukat, eta banuen serioxeago aritzeko gogoa, erregistro serioan kantatzeko gogoa. Nire buruari jarritako erronka bat zen. Gaia entzun eta berehala pentsatu nuen zergatik izan behar ote zuen heldu bat. Eta haur baten paperean sartu nintzen.

Eta haurrak oso ondo ezagutzen dituzula nabaritu zen.

Hiru urteko haurrekin lan egiten dut, eta badakit lehendabizi pardela kentzea datorrela, eta gero, txupetea. Detaile horiek banekizkien, eta mesede egin zidan horrek haur baten paperean sartzeko. Zerbait berezia egin nahi nuen kartzelakoan, eta gaia samurtasunez hartzeko aukera ikusi, eta bide hori hartzea erabaki nuen. Eta, zorte pixka batekin, ondo atera zen.

Txapela lortuta, zer edo zer aldatuko al da orain arteko zure ibilbidea?

Ez dut uste. Orain artean ere saio batzuk egin izan ditut txapelik gabe. Akaso beste saioren bat etorriko zait orain, baina ez dut uste asko aldatuko denik nire egoera txapeldun izateagatik. Lehenago ere saioetara dena emateko prest joaten nintzen beti, eta halaxe egingo dut aurrerantzean ere.

Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo