Izotz hockeya | Superliga
Hormadik etxean galdu du Puigcerdaren aurka finaleko lehen norgehiagoka
J.L. | ANGELU
Hormadiri asko okertu zaio Superligako finala irabazteko aukera. Izan ere, herenegun gauean lehen partida, etxean, galdu egin baitzuen, 6-5 Puigcerdaren aurka. Orain, datorren larunbatean irabazi egin beharko luke Katalunian, eta horrela, hirugarren partida behartuko luke, eta hura ere irabazi egin behar. Larunbat gauean etxetik kanpo galduz gero, akabo, eta Liga Puigcerdarentzat izango da.
Denboraldiko sarrerarik onena izan zuen La Barreko izotz jauregiak, baina ezin izan zuten bertako taldea irabazten ikusi.
Lehen zati oso ona egin zuten gorri-berdeek. Lehen partida hau irabazteko bidea egin zuten, baina beste bi laurdenetan ez zuten horrela jokatu, eta azkenean garaipenak eskuetatik ihes egin zien. Etxean jokatzen zen partida irabaztea oso garrantzitsua zen final honetan, eta horren jakitun, oso indartsu kantxaratu zen taldea, eta lehen hogei minutuetan joko ikusgarria egin zuen. Lehen atsedenaldirako aitzinetik ziren, markagailuan 3-2 ageri zela.
Bigarren zatian, kataluniarrek erasora jo zuten, baina etxeko taldeak kontraerasora jokatu eta min eman zuen. Talde bakoitzak bina gol egin zituen, eta markagailuak 5-4 erakusten zuen etxekoen alde, bigarren zatiaren amaieran.
Azkenekoan, ordea, kataluniarrak jaun eta jabe izan ziren, eta beste hiru gol egin zituzten. Hormadik bat besterik ez zuen egin, eta amaieran lehen puntua Puigcerdak eraman zuen. Emaitza hori ikusita, Liga irabazteko aukera oso zail jarri zaio Hormadiri.