GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala Lerro hockeya Elite Liga

Donibane Lohizune hirugarren fasetik gero eta gertuago

Donibane Lohizunek garrantzi handiko garaipena lortu zuen Oloruen, eta heldu den urtean Pro 2 Mailan jokatzeko txartela gertuago ikusten dute orain

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Liga Federaleko Lehen Mailan, Donibane Lohizunek Pro 2 Mailara igotzeko faseko hirugarrena eta azkena den fasean sartzeko urrats handia eman du herenegun arratsaldean Olorueren zelaian 6 eta 13 irabazi ostean.

Lapurtarrek asko zuten jokoan. Izan ere, Biarnon galdu izan balute, gauzak asko okertuko zitzaizkien, ligaxka laburra ari baitira jokatzen. Orain, heldu den urtean Pro 2 Mailan egoteko itxaropena gehitu egin da Donibane Lohizunen, baina oraindik orain ere oso zaila izango dute. Horretarako hirugarren fasea jokatzeko txartela eskuratu beharko lukete lehenengo. Hortik gertu dabiltzala ematen badu ere, azken fasea ez da batere samurra izango.

Euskaldunak 6 eta 5 nagusitu ziren Olorueren zelaian. Emaitzak erakusten duen moduan, norgehiagoka ez zen ona eta ikusgarria izan. Puntu garrantzitsuak zeuden jokoan, eta bieetako inork ez zuen arriskurik hartu nahi.

Neurketa oso orekatua zihoan, eta azkeneko minutuetara 6-6 berdinketarekin heldu ziren. Garbi zegoen, han bietako edonork irabaz zezakeela, baina gauzak euskaldunen alde atera ziren. Norgehiagoka amaitzeko sei minutu falta zirenean, Frisonek entsegua egin zuen, eta Ibarburuk transformazioa gauzatu zuen, eta markagailuan 6-13 emaitza jarri. Azkeneko minutuetan etxekoak saiatu ziren, baina lau puntuak Euskal Herrirako bidea hartu zuten. Aurretik, Ibarburuk beste bi zigor-kolpe ere gauzatu zituen.

Jaitsierako fasea

Jaitsierako fasean, Maulek garrantzi handiko garaipena erdietsi zuen. Zuberotarrek oso gertu izan zuten igoerako fasea jokatzeko txartela, eta lortu ez izanak kolpe handia eman zien. Jaitsierako faseko estraineko bi norgehiagoka ere galdu egin zituzten. Multzoko faboritoetako bat baldin bazen ere, taldearen egoera nabarmen okertu zen.

Hirugarren jardunaldian, Chateaurenmard hartu zuen, multzoko lehen postuan sailkatua, baina zuri-gorriek puntuak behar zituzten. Ez zuten hutsik egin, eta garaipena erdietsi zuten, 15 eta 10 emaitza lortuta.

Partida ez zen handia izan, baina halako partidetan zaila izan ohi da joko ikusgarririk aurkitzea, taldeek asko izaten baitute jokoan, eta inork ez du nahi izaten arriskurik hartu. Maulek bi entsegu, transformazio bat, eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen, eta mailari eusteko urrats handia eman zuen.

Nafarroak ere mailari eusteko borroka honetan partida garrantzitsua zuen etxean, Poitiersen aurka. Garaipena lortuta, urrats handia emango zuen, baina oraindik erruz egin beharko du lan, datorren urtean Lehen Maila honetan jarraitu nahi baldin badute, 12 eta 16 galdu baitzuten Donibane Garaziko Adolf Jauregi zelaian.

Partida hau ere ez zen handia izan, baina jokaldi erabakigarrietan kanpotarrak hobeto aritu ziren, eta hortxe joan zen neurketa. Haiek entsegu bat egiteko gai izan ziren, eta hori-gorriek ezin izan zuten bat bera ere gauzatu. Nafarroak sailkapeneko azken taldearen aurka galdu zuen, eta orain haien egoerak dezente egin du okerrera.

Iturriria izan zen berriro ere Nafarroa Beherekoen artean onena, berak egin zituen etxekoen puntu guztiak. Drop bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen. Sailkapenean, igoera fasean, Donibane Lohizune multzoko bigarren postuan dago, 10 punturekin. Jaitsierakoan, berriz, eta hemen kontuan hartu behar da lehen faseko puntuek balio dutela, multzoko bigarren tokian dago Maule, 30 punturekin, eta Nafarroa, aldiz, hirugarrenean, 26 punturekin.

Garesti

Pro2ra igotzea oso garesti dago. Lehenik, bigarren faserako sailkatu behar da, eta behin hori lortuta hirugarrenerako txartela eskuratu behar izaten da. Gero, gainera, kanporaketak jokatu behar izaten dira.

Biarritzek arriskuan du laugarren postua

Top 14an Biarritzek arriskuan du laugarren postua, ostiral gauean galdu ostean. Oraindik finalerdietako postuan daude, baina bosgarrenari puntu bakarreko aldea kentzen dio, eta seigarrenari bikoa. Zuri-gorriek hobera egiten ez badute, ez dute lan erraza izango horri eusten.

Staderen aurkako partidarako sarrerak salgai

Martxoaren 29an Avironek Stade Français taldea hartuko du Jean Dauguer zelaian, eta partida horretarako sarrerak jada eskuratu ahal dira. Bi aukera daude, Avironen egoitzara joatea astelehenetik ostiralera, 14.00etatik 19.00etara, edo Internet bidez erostea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo