Izotz hockeya Kopa
Gasteizek irabazi egin du lehen partida, eta Txuri Urdinek, berriz, galdu
J.L. | DONOSTIA
Hormadi Ligako finala jokatzen ari den bitartean, Gasteizek eta Txuri Urdinek Kopari ekin zioten. Bi horiek lortutako emaitzak oso ezberdinak izan ziren.
Arabarrek finalerdietan izateko urrats handia eman zuten, lehen partida Madrilen irabazi baitzuten, 3 eta 5. Gasteizek denboraldi hasiera zaila izan zuen, baina orain oso une gozoan daude. Ligako finaerdietara heldu ziren, eta gauzak asko okertzen ez bazaizkie, Kopan ere, hantxe izango dira.
Txuri Urdinek ez dute horren hasiera ona izan, eta lehen partida Bartzelonaren jauregian 6 eta 2 galdu zuten. Asko okertu zaie finalerdietako bidea. Emaitzak erakusten duen moduan, talde kataluniarra gipuzkoarra baino hobea izan zen, eta lehia estua jarri zieten donostiarrei. Hormadi, berriz, finalerdietan sartuko da.
Junior mailan, aldiz, Txuri Urdinek Kopa irabazi du. Logroñon jokatu da asteburuan, eta finalean 4-2 menderatu zuten Majadahonda, gazteetan maila handiko jokalariak badituela nabarmenduz.
Belar hockeya
Belar hockeyan, pasa den asteburuan gaizki amaitu zen nesken Liga, eta mutiletan gauzak ez doaz ongi, Atletico San Sebastianek ia ezinezkoa izango baitu finalerdietako txartela lortzea, herenegun etxean 2 eta 2 berdindu baitzuen Barrocas taldearekin. Une honetan bosgarren daude, eta lau jardunaldi falta dira amaitzeko.