Mikel Alberro Donostia
Unionisten leloa
«Lituania ez da Afrikako kolonia bat», errepikatu ohi zuten errusiar agintariek aurreko mendeko 1980ko hamarkadan, Lituaniak independentzia lortu aurretik. «Ez du zerikusirik Lituania bezalako lurralde europarrak Aljeria edo Burkina Faso kolonia ohi afrikarrekin», botatzen zieten Errusiako unionistek Lituaniako independentistei. Lituaniak 1990ean lortu zuen burujabetza.
«Eslovenia ez da Lituania», ziurtatzen zieten urte batzuk geroago Serbiako agintariek Esloveniako militante abertzaleei. Independentziaren aldeko mugimendua gauzatzen ari zen Eslovenian, baina serbiarren ustez Eslovenia Lituaniarekin konparatzea astakeria zen. Egun Eslovenia independentea da.
«Kosovo ez da Eslovenia», oihukatzen zuten duela gutxi Belgradoko unionista amorratuek, bertako albaniarrek independentziarako bidea irmoki hautatu zutenean. Kosovo Serbiako zati historikoa omen zen, Eslovenia ez. Hala ere, Kosovok nazio askatuen taldean egotea erabaki berri du.
«Euskal Herria ez da Kosovo», garrasi egiten digute espainiar nazionalistek inoiz baino urduriago. «Ergel batek besterik ez lituzke konparatuko bi herrialde horiek», Madril dixit. Guk, lasai, gure aukera historikoaren zain dihardugu. Aurrekari batzuk egon dira, gure txanda ere iritsiko da...