GARA > Idatzia > Kultura

Aramaioarrak nagusi Arabako Txapelketako azken finalerdian

Bi orduko saio ederra osatu zuten larunbatean Aramaioko kultur etxean lehiatu ziren bertsolariek. Iker Agirre eta Andere Arriolabengoak lan bikaina egin zuten, baita Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita eta Ruben Sanchezek ere, 150 lagunen aurrean.

p047_f01_152x108.jpg

GARA | ARAMAIO

Urduritasuna alde batera utzita, bertso saio erregular eta borobila burutu zuten larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdian.

Lierni Altuna gai-jartzailearen esanetara, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten ofiziokako lanetan. Horietan aipagarriena lehenengo ariketan Iker Agirre eta Zigor Enbeitak egindako lana izan zen: elkarren arteko harremana hautsi berri duen bikotearen azalean, Zigor arnas berrituta dago, baina Iker bakarrik sentitzen da. Zigor: «Baina nola egon zintezke zu/ laguna gaur horren itsu/ zure buruan kriston kristoa/ bene-benetan daukazu/ horren triste ta horren bakarrik/ bizi baldin bazara zu/ etorri nirekin juergan eta/ laster pasatuko zaizu».

Andere Arriolabengoa eta Ruben Sanchez, berriz, droga mendekotasunaren bi aurpegi ezberdin izan ziren aurrez aurre. Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Durana gaztetxoen inguruan jarri zituen Altunak. 16 urteko gaztetxoak kondoia eskatu die, eta eman ala ez, kinka horretan aritu ziren kantuan.

Zortziko txikiko ofizioan, aramaioarrak sartu ziren hobekien emandako roletan. Aiton-amonak lehendabizikoz hegazkinera igotzeko puntuan jarri zituen Altunak. Andere hegazkinera igotzeko prest agertu zen ausarki; Ikerrek ordea, ez zuen hain garbi. Andere: «Uste nuen nuela/ gizon bat nik maisu/ baina etxetik irten/ kexu eta kexu/ bagoaz eta kitto/ kasu egidazu/ mareorako pastillak/ hartu al dituzu?». Iker: «Zer zaigu guri orain/ buruetan sartu/ goitik behera jausita/behar gara akatu/gure edadean hobeto/ez al da, barkatu, /ortu bat egin eta/ letxugak landatu?».

Hamarreko txikian

18.00etarako gutxi falta zela, hamarreko txikiari heldu zioten finalerdiko saioan. Rikardok eta Ikerrek dietista baten itxarongelan egin zuten topo. Rikardok kiloak sobera, eta Ikerrek faltan. Zigor eta Ruben medikuak, aldiz, ospitaleko tabernan elkartu ziren. Zigorrek eguna ahaztu nahi zuen, eta Rubenek ospatu.

Zigor: «Beraz zure argia/ da nire iluna/ ta nire tristezia/ zure alaitasuna/ bizitza honek al du/ benetan zentzuna?/ agur ta bihar arte/ banoa laguna/ ea mejoratzen den/ biharko eguna». Ruben: «Tristurakin ez segi/ zure jotakean/ mejoratuko zaizu/ halako batean/ ta bihar arte ez esan/ hori dut kaltean/ ume berriaz hemen/ nago poz betean/ ta enaiz itzuliko/ hiru hilabetean!».

Puntu erantzunak aise joan ziren, eta bakarkako lanak, bide beretsuetatik. «Takillatik gauza guztiak kutxa batean sartzen ari zara. Zure azken lan eguna duzu», entzun zen gai-jartzailearen ahotik. Eta denen artean, Juaristi izan zen erretiroaren gaia baztertu, eta etorkinen egoerari so eginez, bakarkakoan nabarmendu zena.

Aramaio txapeldun

Iker Agirrek dotore jardun zuen arren, epaileek ez zuten finalean sartu. Hala ere, aipatzekoa izan zen bere etorria. Dotore eta zuzen aritu zen Andere Arriolabengoa ere. Eta berak bete zuen lehenbiziko postua.

Andereren sorta, honakoa: «40 urte pasatu ditut/neronek lanean jada/sentitu ditut poza, negarra/ eta askotan zirrara/ nahiz ta bidean aurkitu diren/ espero ez beste traba/kutxa betetzen ateratzen zait/gaur aurpegian algara/60ak bete ditut ta/ jubilatzeko ordua da».

«Dirua behar dugula eta/ lana da horren baldintza/ bizirauteko horixe baita/langileontzako giltza/ jadanik esan diet kideei/ penetan nik azken hitza/ nahiz askorentzat jubilatzea/ izaten den hain bortitza/ oraintxe hasten baita benetan/ zorioneko bizitza».

Txalo zaparradak ugari eta gazteak, gehienak. Lehenengo sailkatu zen, beraz, 310,5 punturekin, Andere Arriolabengoa; 308 punturekin amaitu zuen Zigor Enbeitak; 307 punturekin Juan Mari Juaristik; 304 punturekin Ruben Sanchezek; 299,5 punturekin Iker Agirrek; eta 293,5 punturekin, azkenik, Rikardo Gonzalez de Duranak.

FINALA, GASTEIZEN

Erabakita dago zeinek kantatuko duen apirilaren 5ean Gasteizko Printzipal Antzokian, 17.00etan, jokatuko den finalean. Bertan lehiatuko dira txapela jantzi nahian, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Oihane Perea. Sarrerak aldez aurretik lortzeko Arabako Bertsozaleen Elkartean izango da aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo