GARA > Idatzia > Editoriala

Mitrovicako liskarrak eta Belgradeko guda

Kosovok hilabete bete du indenpendentzian, eta nazioarteko aditu eta goi kargu gehienek iragarritakoaren aurka, orain arte ez da istilu larririk gertatu bertan. Alegia, armen gaineko inolako kontrolik ez duen eta komunitateen arteko gorroto historia luzea duen lurralde horretan honezkero hildakorik, edo herritarren arteko konfrontazio latzik izango zela uste zuten gehienek, ozen edo markarka adierazten bazuten ere. Jakina, istiluak hasieratik egon dira, baina aurreikusten zena baino apalagoak izan dira.

Adibidez, asteburuan liskar gogorrak izan dira Mitrovican, gutxiengo serbiarraren eta nazioarteko komunitatearen indar polizial zein militarraren artean. Alde batetik, serbiarrek, desafio gisa Nazio Batuen Erakundearen eraikin ofizial bat hartu zuten. Nazioarteko komunitatearen indarrek desafioari aurre egin behar zioten, halabeharrez, baldin eta autoritate minimoa zutenik erakutsi nahi bazuten bai alde bateko, bai besteko populazioaren aurrean. Ondorioz, istiluak izan ziren atzo Kosovoko serbiar talde hori eraikinetik irtenarazi zutenean. Hori bai, lehendabizikoz benetako tiro hotsak entzun dira Kosovon, alde batetik eta bestetik. Hori da Mitrovicako istiluen daturik kezkagarriena, zalantzarik gabe.

Nolanahi ere, Mitrovicako liskarrak ez dira, besterik gabe, Kosovoko independentziaren ondorio, baizik eta Belgraden botere politikoa eskuratu nahi duten fronte politikoen arteko gerraren ondorio, batez ere. Kostunica lehen ministroak gobernu akordioa hautsi egiten zuela esan zuenetik, ondorioz Tadic lehendakaria hauteskundeak deitzera behartuta, argi zegoen Kosovon tentsioak gora egingo zuela. Atzo biek egindako adierazpenak entzunda, ordea, zaila da beraien arteko desberdintasunak ulertzea. Baina egon badaude, eta sakonak dira. Balkanetako serbiar guztiak barnebiltzen dituen egitura politikoa osatzea proiektu zilegia da. Baina serbiarrak dauden lurralde guztiak bildu, eta serbiarrak ez diren gutxiengoei onarpen minimoa ere ukatzea, ordea, oso bestelako proiektua da. Lehenbizikoa, serbiar abertzaletasuna da. Bigarrena, hegemonismoa da, huts-hutsean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo