Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde dinamika bat aurkeztu du EHBEk
Martxo amaieran hasi eta maiatza bitarte Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldarrikapena herriz herri eta ikastetxez ikastetxe barreiatzeko dinamika antolatu du EHBEk. Emandako urratsak ikusarazi eta hezkuntza herri baten oinarrizko ardatz bat dela adieraziko dute.
GARA |
Hezkuntza Sistema Nazionalaren (HSN) aldeko aldarrikapena lehen lerrora eramatea. Hezkuntza esparruko egitasmoak eta ekimenak helburu hori antolatzeko eskubidearen logikan kokatzea. Esparru ezberdinetan ezartzen diren inposizioak oztopo direla irudikatzea. Herritarren parte hartzea eta inplikazioa bultzatzea. Horiexek dira atzo Euskal Herriak Bere Eskola-k aurkeztutako dinamikaren helburuak. Duela sei urte sortu zen herri ekimena, HSNren aldeko mugimendua loratzeko bokazioz, eta orain mugimendu hori artikulatzen jarraitzeko mugarri garrantzitsu bat ezarri nahi dute.
Horretarako, dinamika zehatz bat garatuko dute, martxoaren 31n hasi, eta bi hilabete iraunen duena. Aste bakoitzean toki batek hartuko du ekimena. Zortzi aste eta zortzi eskualde izanen dira HSNren aldeko olatua irudikatzeko.
Leku bakoitzaren esku geratu da antolaketa, eta beraz, aniztasuna izatea eta ekimen irudimentsuak egitea espero dute. Herrietako lana arintzeko, hainbat bitarteko sortu dituzte, gero bakoitzak autonomia osoz antolatuko dituenak.
Bestalde, hainbat ekimen orokor edo nazional eginen dituzte, eta hauek ere tokian tokiko hezkuntza mugimendua eta herritarren inplikazioa, eta parte hartzea sustatuko dituzte.
Dinamikak irauten duen bitartean, Pitz deituriko arkatza ibiliko da herriz herri. EHBEren logoaren oinarria arkatza da, eta HSNren ikur ere bilakatu nahi dute objektu hori.
Era berean, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko atxikimendua argazkien bidez irudikatuko dute. Modu horretan, ikastetxeetan nahiz herrian biltzen dituzten lagunek Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde dagoen mugimendua osatzen dutela ikusaraziko dute.
Herriak HSNren aldarrikapena bere egin dezan ahaleginduko dira eta mobilizazio zein salaketa ekimenen bitartez gizon- emakumeen parte hartzeari bide emanen diote.
Dinamika integral, orokor eta nazionala gauzatu nahi badute ere, herriz herri dauden aldarrikapen bereziei ere erantzun behar dietela deritzote.
Ikastetxea eta herria lantegi
Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko dinamikak bi eremutan eragingo du: batetik, ikastetxearen esparrua dago, non konpromiso maila ezberdinak bilduz, guztiak HSNren bidean emaniko urrats gisa kokatuko dituzten. Garrantzi berezia emanen diete milaka guraso, irakasle, langile eta ikaslek eguneroko praktikaren bidez erakutsiriko determinazioari eta ekarpenari.
Bestetik, herria izanen dute lantegi. Izan ere, dinamikak irauten duen bitartean herria hezkuntzari loturiko gaiz beterik egon dadin ahaleginduko dira. Euskal Herriak Bere Eskola ekimeneko lagunen iritziz hezkuntzak herri proiektua izan behar du, eta bide horretan urratsak ematearen beharra zabaldu nahi dute.
Indar berezia herriz herri antolatuko diren dinamika, ekimen edo mobilizazioei emanen bazaie ere, hainbat ekimen eginen dituzte proiekzio nazionalekoak. Hasiera ekitaldia apirilaren 4an egitea proposatu dute, Arrasaten. 18.00etan eragileekin aurrebilkura izanen da, eta HSNren aldeko argazkia eginen da. Gerorako, ekitaldia eta luntx goxoa daude iragarrita.
Apirilaren 24an Euskal Unibertsoa'08 izanen da Gasteizen, campusean, eta maiatzaren 10ean, Pirritx eta Porrotxen jaialdia Errenterian. Amaiera ekitaldia maiatzaren azkeneko egunarekin batera etorriko da. Iruñean eginen dute «Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde... Denok Iruñera!» leloarekin. «Dinamikak amaiera txukun bat izango du Iruñean, egingo dugun dinamikaren tamainakoa», ziurtatu zuten antolatzaileek. Euskal Herriko aldarrikapenak eta herriz herri bildutakoak jarriko dituzte mahai gainean.
Euskal Herriak Bere Eskola-ko kideek helbide elektroniko bat eman zuten dinamika bere herri edo ikastetxean antolatzen lagundu nahi duenarentzat: «ehbe@euskaleskola.org». Ekimenaren barruan sortutako bitartekoak «www.euskaleskola.org» webgunean egonen dira eskuragarri.
«Hezkuntza Sistema Nazionala izateko dugun eskubidea aitorturik eduki ez arren, herri ekimenez sistema horren ardatz nagusiak eraikitzen ari gara (izan Euskal Curriculuma, edo Euskal Unibertsitatea)», baieztatu zuten EHBEko bozeramaileek atzoko agerraldian.