GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Frantziskon euskarazko ikaskuntza bermatzeko eskatu dute

GARA |

Bilboko Miribilla ikastetxeko guraso elkarteak gutun bat plazaratu du bertako euskararen egoera «tamalgarria» dela-eta kezkatuta daudela adierazteko eta egitura bera (eskolaldia eta eskola) euskaldundu behar direla ohartarazteko. Azaldu dutenez, baliabide mugatuak dituzten elkarteak inplikatu dira orain arte; ez Administrazioa.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da Miribilla eta maila bakoitzean bi gela ditu. San Frantzisko auzoan dago eta jatorri kultural askotako 400 bat ikasle ditu. 2005-2006 ikasturtean hasi ziren D eredua eskaintzen eta, une honetan, 2, 3 eta 4 urteko gela banatan euskaraz ikasten da. Beste guztia A eredukoa da. Hasieratik eskatu du Miribillako Gurasoak elkarteak Haur Hezkuntza osoa euskaraz egiteko eta Lehen Hezkuntzarako egokitzapen plan bati ekiteko. Urteak badoaz eta konturatzen dira «ikastetxeak ez duela bermatuko gure seme-alaben euskalduntze-prozesua, ez baitago A eredua kentzeko intentziorik». Jakin badakite «auzoak berak bere arazoak sortzen dituela, ikastetxeko klaustroak ere bere zalantzak dituela... baina, tamalez, legez bermatu beharko litzatekeen elebitasuna ez da gauzatuko eta gure seme-alabek ez dute behar besteko euskara maila lortuko bide honi eutsita».

Guraso hauek ziur daude borondate politikoa izanik eta baliabideak jarriz lor daitekeela benetako euskalduntzea. Beren aburuz, egoera aldatu behar da, «argi baitago euskararen gutxieneko ezagutzarik izan ezean ume horiek desabantaila garbia izango dutela lan munduan sartzean eta gizarteratze-prozesuan».

Eskola urratsak egiten ari bada ere, astiroegi doala iruditzen zaie eta jakin nahi dute Administrazioa egoerari buelta emateko prest dagoen eta nola egingo duen. Gurasoek ere aldaketa sustatu nahi dutela agertu dute, beren seme-alabak dira-eta. «Euskara eskubidea da, baita San Frantziskon ere», eta eskubide hori bermatzeko exijitu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo