Tirreno adriatikoa
Óscar Freirek bere kalitatea eta indarra erakutsi ditu Castelfidardon
GARA | CASTELFIDARDO
Asteburu honetan izango da urteko aurreneko lasterketa klasiko garrantzitsua, italiarrek hain maite duten Milan - San Remo. Bada, Castelfidardon amaitu zen atzoko etapa klasiko horretarako termometro aproposa izan liteke; eta han, bere kalitate eta indarrari esker, Rabobank taldeko Oscar Freire nagusitu zen. Tirreno-Adriatikoko azkenaurreko etapan kantabriarrak bigarren garaipena erdietsi zuen, Pozzatoren eta Di Lucaren aurretik.
Etaparen hasieran, txirrindulariek protesta egin zuten Kevi Van Impe kidearen kasuagatik -bere semearen hiletan dopinaren aurkako kontrola egitea exijitu zioten txirrindulari belgiarrari-. Gero, 13 lasterlarik ihesaldia egin zuten, eta tartean izan ziren Pablo Lastras eta Euskaltel-Euskadiko Juanjo Oroz. Hala ere, ez zuten helmugara iristea lortu. Gasparotto saiatu zen Cancellarari lidertza kentzen, baina ezin izan zuen.
Gaur amaituko da Tirreno-Adriatikoa. Azken etapak 176 kilometro izango ditu, eta San Benedetto del Tronton kokatu dira hasiera eta helmuga.