EH Bai: ĢEmaitzak onak izan dira baina oraino abertzaleok lan handia dugu aurrera egitekoģ
Arantxa MANTEROLA |
Euskal Herria Bai koalizioa osatzen duten hiru alderdietako ordezkariek hauteskundeen bilana «gazi-gozoa» izan dela adierazi zuten, atzo Baionan. Bigarren itzulian aurkeztu ziren bi hautagaien emaitzak «onak» izan direla ziurtatu zuen ABko Jakes Borthairuk: «Mixel Mendibourek lehen itzulikoak nagusiki mantendu ditu Uztaritzen, eta Galantek, berriz, 500 boz baino gehiago lortu ditu Baigorrin. Halere, eta hor ttanta gazia, bere eserlekua galdu egin du, eta EH Baik finkatu zuen berritzeko helburua ez da erdietsi».
Ipar Euskal Herrian «kontserbadorismoan errotutako ohiturak aldatzea» erraza ez dela nabarmenduta, «abertzaleok oraino lan handia» dutela aurrean esan zuen. Alta, Hendaiako kantonamenduan Daniel Poulou eskuindarrak kontseilari postua galdu izateagatik koalizioa «pozik» dela gaineratu zuen.
Manex Pagola EAko ordezkariak, Kontseilu Nagusiaren osaketaren inguruan, EH Bairen iritzia plazaratu zuen jarraian: «Ez eskuin ukatzailea, ez ezker jakobino hertsia ez ditugu gustuko, ez baitira ezertan lagungarri Euskal Herriarentzat».
Batasuneko Jean-Claude Agerrek esan zuen «batez beste bozen %15ean» kalkulatzen dutela abertzaleen indarra, oro har: «Hirugarren indar politikoa gara eta erreferentzia saihestezina bilakatu gara panorama politikoan». Elkarlanaren «ondorio onuragarritzat» jo zituen emaitzak, eta «hurrengo baterako ere mugarria» ipinia dutela nabarmendu zuen.