GARA > Idatzia > Mendia

Bulderra Goi mailako jarduera

«Gioia» Christian Core-ren bloke perfektua

Hainbat hilabeteko saialdiren ostean, Christian Core italiarrak «Gioia» blokea (Varazze, Italia) igo du. Haren ustez, 8c zailtasunekoa izan daiteke; hots, munduan egin diren zailenetakoa da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Kronika hau idazten hasi baino lehen, Christian Corek egin berri duen goi mailako jarduera web-gune batean arretaz ikusteko aukera izan genuen. Aldez aurretik pentsatutakoa zein hausnartutakoa aitaren batean birrindu ziren; izan ere, irudiek mila hitzek baino askoz ere garrantzi handigoa dute. Bloke espezialista italiarrak oso korapilo ederra aukeratu zuen: gerora Gioia deitu ziona. Hasiera-hasieratik oso mugimendu intentsoak ditu; gogorrak, indar handia eskatzen duten horietakoak... Ezkerretik eskuinera egiten den zeharkaldia da. Helduleku txikiegiak, ozta-ozta hatzen muturra sar daitekeen horietakoak. Oinak, berriz, ia beti zintzilik; ozta-ozta dago ezer oin muturra jartzeko. Amaiera... bada, izaera horretako bloke ikusgarri batek eskatzen duena. Zeharkaldiak dituen erregletetatik helduleku kamutsetara blokeari behin betiko amaiera emateko. Baina, arestian aipatu dugun legez, soilik irudiak ikusiz benetako dimentsioa hartzen zaio egindakoari.

Gioia blokeaz ari gara, Corek askatu berri duenaz. Varazze alderdian dago (Italia), eta haren «sortzailea» Marco Bagnasco da. Gioia-ren lehenengo egilearen aburuz, Bagnasco da benetako protagonista: «Hari esker aukera izan dut bloke perfektu zein ideal bat eskalatzeko. Marra ederra baino ederragoa da, eta Marco izan zen aurkitu zuena. Beti dabil alde batetik bestera arroka berrien formak eta marrak begiratzen eta prestatzen. Jolas-eremu bikainak eskaintzen dizkigu, eta Gioia-rekin ere hori egin du».

Inolako zalantzarik gabe, Gioia bezalako izar distiratsuak aurkitzen dituenak eta hari mugimenduekin forma ematen dienak benetako aitortza behar du. Baina, bide batez, jarduera honekin gertatu den bezala, gutxi dira, bakan batzuk besterik ez, zailtasun handiko marra bikain horiek probatzeko gaitasuna dutenak. Gioia-rekin Core izan da bigarren protagonista.

Hitz gutxitan, italiarrak berak aurreratu duenez, honako irudia du poltsikoratu berri duen blokeak: «Hamalau mugimendu ditu, eta heldulekuak, guzti-guztiak, txikiegiak. Gainera, oinentzako ere ez dago ezer; oso zaila da oin-puntak arrokan jartzeko. Varazze alderdiko sona handiko haitzuloan dago. Arrokaren ezkerraldeko behealdean hasten da, eta zeharkaldi eslai bat jarraitu behar da. Eta amaiera arrokaren eskuinaldearen goialdean dago. Gioia-rentzat 8c proposatu dut. Ea beste goi mailako espezialistak hurbildu eta probatzen duten; hori da nik nahiko nukeena. Nire esperientziaren arabera, inoiz egin dudan blokerik zailena izan da. Eta edertasunari dagokionez, hitzekin ia ezin dut azaldu. Ederra eta zaila, hori da denok bilatzen duguna».

Hilabetetako lana

Coreren proposamen horrekin, Gioia munduko bloke zailenen zerrendan agertzen da. 8c bezala aurkeztu du eta, bulderra jarraitzen duen orok ondo baino hobeto dakienez, ez da txoriburu baten iritzi soila. Ez, ondo hausnartutako proposamena dela gutxik jar dezakete zalantzan. Izan ere, italiarra egungo espezialista onenetakoa da. Muturreko zailtasunean eskarmentu handia du, eta hori baieztatu ahal izateko, orain arte poltsikoratutako beste hiru 8c aipatu besterik ez dugu egin behar.

2003. urtean, adibidez, Fred Nicoleren Dreamtime blokea gainditu zuen. Horren ondoren, Kimera iritsi zen. Eta hirugarrena, duela bi urte sinatutakoa: New base line. 8c zailtasuneko hiru bloke gehi azkena, Gioia. Laurak ala laurak muturreko zailtasunaren panoraman. Berez, bada pixka bat gogorragoa den proposamenen bat edo beste, baina horiek guztiak zalantzan dira.

Coreri lan handia eskatu dio Gioia blokeak; hilabetetako lan eskerga, alegia. Varazzeko ingurumari horretan zebilen, besteak beste, marra estetiko zein logikoen bila. Azkenean, Gioia azaldu zen bere aurrean. Hain zuzen ere, joan den udan izan zen. Bat-batean, blokearen sarean erori zen eta, zailtasun handikoa bada ere, konturatu zen aldez aurretik ezezagunen batek probatu zuela.

Proiektua ondo baino hobeto aztertu ondoren, lehenbiziko saialdiak egin zituen. Jakin bazekien eguraldia lagun behar zuela, aurrean zituen helduleku txikiek hala eskatzen zutelako. Baina, zoritxarrez, eguraldia okertu eta euriak egitasmoa bertan behera utzi zuen.

Corek ezin zuen Gioia burutik kendu, eta joan den neguan itzuli zen. Berriro ere eguraldiak ez zion batere lagundu, euriari elurra gehitu baitzitzaion: «Nahiz eta motibazio handia nuen, ezin nuen gauza handirik egin. Saialdiak alde batera utzi eta blokea garbitzen jardun nintzen. Baldintza haietan, betiere blokearen zailtasuna ziurtatu ahal izateko, oso zaila nuen behar bezalako azterketa egitea. Gainera, arrokak zuen hezetasuna zela eta, zati erabakigarrian zegoen helduleku bat hautsi nuen. Hori gertatu eta lasai hartzea erabaki nuen. Eguraldi onaren zain itxaroten egon nintzen eta, azkenean, eguzkia eta hotza iritsi ziren».

Baldintza horiek aprobetxatuta, Corek behin betiko saioak egin eta Gioia poltsikoratu zuen. Espezialista indartsuenen aurrean da 8c zailtasuneko beste proposamen hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo