GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Pazko Astea

Aste Santua izanik, ez litzaiguke arrotz egin behar prozesioak batera eta bestera ikustea. Finean, Elizaren itzala dezente apaldu bada, oraindik ere oso presente dago gure gizarte honetan.

Horrexegatik, tarteka, gotzainek zeruko aferak alboan utzi, eta lurreko arazoak konpontzeko bidean, ekarpenak egiten dituzte. Herri honen paisaiaren parte diren heinean, horrek ez gintuzke harritu behar, eskubide osoa baitute Elizako ordezkariek beren iritzia emateko. Neurri berean, asaldurarik gabe, hartu beharko luke Elizak gizartearen iritzia bere baitan gertatzen denari buruz; esaterako, Eliza katolikoaren barruan emakumeak pairatzen duen bazterkeriaren gainean.

Gotzainek, tarteka, bere iritzia eman baino, jarduera politikoan eragitea xede duten asmoak azaltzen dituzte. Donostiako gotzainari, Juan Maria Uriarteri, honako hau ulertu diot: konponbidea posible ez bada, behin-behineko akordioak sustatu behar dira. Beste era batera esanda, konponbide iraunkorra bilatzea malkartsu denean, erdibideko akordioak -«akordio zintzoak», bere hitzetan- ez direla baztertu behar.

Ez da ideia hori mahai gainera ateratzen den lehenengoa. Krisi giroan maiz agertu ohi den pentsamoldea dugu. Gehienetan errealismoa aipatuz, guztia ezin bada, bederen zati bat izatea ez legokeela gaizki esatera eta entzutera ohitu gara.

Konformismoaren doktrina oso zabaldua dago, baina ez dakit noraino hartu behar dugun Eliza horren errudun bakartzat. Edonola ere, inkonformista garenok ez ditugu erraz ulertzen -gaitasun falta, seguru asko- zergatik mahai gaineratzen dizkiguten etengabe «nahiago hil ala akabatu?» gisako dilema faltsuak. Egoeraren zama arintzeko asmoz? norberak aurre egiteko dituen mugak begi-bistan ez uztearren?

Bistan da Euskal Herrian konponbidera iristeko adostasunak bilatu beharra dagoela, behin-behineko akordioak landu beharra dagoela, eta atalez atal aritu beharko dela korapiloa osatzen duten hari guztiak erabat askatu arte. Alta, ez genuke ahantzi beharko lan munduan bezala, politikagintzan ere «zabor-kontratuak» izan badirela, nahiz eta ez duten inoiz balio izan Pazko giroan Irlandan sinatu zuten akordioak zabaldu zuen atea irekitzeko. Zer nahiago, langabezia ala prekarietatea? Zuek bezala, neu ere enplegu duinaren aldekoa nauzue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo