Euskal militanteen aurkako jazarpena salatu du Askatasunak
Nazioarteko eremuan lan egiten duten euskal militanteen aurkako erasoak salatu du Askatasunak. Joseba Agudo abokatuaren aurkako jazarpena eta Iñaki Gil de San Vicenteren eta Walter Wendellinen gainean zabaldutako «informazio interesatuak eta gezurrezkoak» aipatu ditu.
GARA |
Askatasunak nazioartean jarduten duten ezker abertzaleko hainbat kidek jasaten duten jazarpenaz ohartarazi du. Erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, bereziki larria da Joseba Agudo abokatuaren kasua. «Joseba Agudo Manzisidor euskal iheslari politikoen abokatuaren lagun batek gutun bat jaso zuen joan den ekainean, abokatuaren jardueraren gaineko gezur eta intoxikazioz betea, bere inguruan Josebaren ibileren gaineko zalantzak sortu eta giro txarra hedatzeko helburuarekin», salatu dute. Ondoren, bezeroen senideek eta preso politiko batek antzeko gutunak jaso zituzten.
Halaber, Agudok hainbat herrialdetara bere lana egitera egin dituen bidaietan polizia bera jarraitzen aritu dela jakinarazi dute, guztiak ere, Askatasunaren iritziz, «euskal iheslarien defentsa oztopatzeko asmo argiarekin». Izan ere, erakundeak «euskal iheslari politikoen aurkako oldarraldi errepresiboan» kokatu du Agudok jasandako jazarpena.
Kasu honekin batera, Askatasunak mahai gainera atera nahi izan du Iñaki Gil de San Vicente eta Walter Wendellin euskal herritarrek jasandako tratua ere. «Ekuadorrera egin duten bidaiaren ondoren zenbait komunikabidek emandako informazio interesatuak eta gezurrezkoak» salatu nahi izan dituzte. «Zehazki, bi kide hauek erabat publikoa zen kongresu batean parte hartu ondoren ateratako argazki bat baliatu dute espainiar inteligentzia zerbitzuek haien lana kutsatzeko», adierazi dute. Argazkian FARCeko kide Luis Eduardo Devia agertzen zela baliatu zuten hainbat hedabidek biak FARCekin erlazioa dutela esateko.
Askatasunaren ustez, «nazioartean Euskal Herriaren aldeko lana eta euskal iheslari politikoen defentsa oztopatzea eta ukatzea da eraso hauen guztien helburu bakarra» horregatik, bere babesa eta elkartasuna adierazi nahia izan die hirurei.