GARA > Idatzia > Ikusmira

Finantzak suspertu egingo dira, langileak ez

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) krisi ekonomikoa uste baino larriagoa dela ohartarazi ondoren, mundu osoko burtsek nabarmen egin zuten behera herenegun. Atzo, ordea, AEBetako Erreserba Federalak interesak 0,75 puntu jaitsi zituela-eta, goranzko joera hartu zuten. Adituek interpretazio desberdinak egiten dituzte finantza merkatuen «portaeraz», baina portaera horren ondorioak jasaten dituen herritarrak gogoan du AEBetako subprime delako hipoteken krisia, Europan eraginik izango ez omen zuena, zenbait hilabete geroago hazkundea apur bat moteldu egingo omen zuena, eta egunotan «gero eta arrisku handiagoak» omen dakartzana.

Adierazgarriak dira, izan ere, NDFko zuzendari Dominique Strauss-Khanen hitzak, krisiaren gainean esanak; alegia, gauzak gaizki doazenean ere hor dagoela globalizazioa, eta «konponbideak ere mundu osorakoa» izan behar duela. Strauss-Khanek hizpide zuen konponbide hori ez da izango Northern Rock banku britainiarrak, jada iragarri duenez, kalera botako dituen 2.000 langileentzat, esate baterako. Finantza munduan bankuak erreskatatzea, ekonomia erreskatatzea, ez baita herritar gehienen ekonomia, ezta haien enpleguak ere, erreskatatzea. Izan ere, munduko biztanle gehienek «gauzak gaizki doazenean» nabaritzen dute gl0balizazioa, eta gauzak ondo doazenean nabaritzeko zain daude oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo