Gobernua Belgikan, baina krisi sakonak badirau
Bederatzi hilabete behar izan dituzte, Belgikako bi hizkuntz komunitate nagusiek gobernua eratzeko hitzarmena iristeko. Gobernu horretako presidentea Yves Laterme Flandesko alderdi demokrata-kristaukoa izango da, eta Flandesko bi alderdik eta Waloniako hiruk hartuko dute parte, independentziaren aldeko flandestarrek gobernua osatzeko negoziazioetatik alde egin baitzuten. Latermek esan zuenaren arabera, akordioa «ona» bada ere, ezin esan gobernua osatze hutsak berez estatu haren bideragarritasuna bermatzen duenik. Esate baterako, Konstituzioaren erreforma, flandestarrek eskatua, oraindik negoziazio gai da. Estatu hartako nazio eta kultur komunitateen arteko desadostasunak ez dira berehalakoan desagertuko, ez gobernu-hitzarmen honi esker behinik behin. Erabat argigarria da Estatu hartako gobernuan ez dela alderdi belgikarrik izango, han ez baitago alderdi belgikarrik. Oraingoz, beraz, krisi bati, hauteskunde ostekoari, irtenbide bat eman diote, baina sakoneko krisiak bere horretan segitzen du. Batzuei gobernu hitzarmen horrek lasaitasuna emango die, estatua hausteko «arriskua» desagerraraziko duelakoan. Nolanahi izanda ere, benetan bideratu beharrekoa da Estatu hartako komunitateetako herritarren borondatearen araberako antolaketa, ez agintarien interesen araberakoa. Eta hori inondik inora ez da arriskua.