GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herriaren aurkako erasoen aurrean herri gisa erantzuteko deia

Bai Euskal Herriari herri ekimeneko kideek Lizartza «Euskal Herriak sufritzen duen gatazka politikoaren adibide» gisa aurkeztu nahi izan zuten atzo Tolosaldeko herri honetan egindako agerraldian. Hala ere, euskal nortasunaren eta izatearen aurkako erasoak lurralde osora zabaltzen direla nabarmendu zuten, eta horiek geldiarazteko deia egin zieten herritarrei, «inposizio honen aurrean herri gisa erantzutea» ezinbestekotzat jotzen dutelako.

Maider EIZMENDI |

Bai Euskal Herriari herri ekimenak Lizartzan egin zuen atzo agerraldia, «herritarren nahi eta borondatearen zerbitzura» ez dagoen Udalaren eraikinaren eta «horren erakusgarri den Espainiar ikurraren» aurrean eta Guardia Zibilaren zaintzapean, hain zuzen. Gisa honetan, lizartzarrei elkartasuna adierazi nahi izan zieten. «Azken urteetan Lizartzako herria eta bertako herritarrak sufritzen ari direnak ez du izenik; inbasioa edo okupazioa bezalako hitzek bakarrik gertura gaitzakete herri txiki honek bizi duen egoerara», salatu zuten.

Ekimeneko kideen iritziz, «Lizartza espainiar avanzadillaren ikur bihurtu nahi izan dute eta, beraiek berriz, «Euskal Herriak sufritzen duen gatazka politikoaren adibide» gisa agertu nahi izan zuten.

Lizartzako udaletxeko balkoian zintzilik dagoen bandera espainolari erreferentzia egin ostean, Tolosaldeko herri honen kasua ez dela bakarra nabarmendu zuten, «Euskal Herri osoan halako adibide asko aurkitu baikenitzake».

«Eta euskara debekatuz gero?»

Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «ikurrina mamiz hustu eta folklorearen barnean ito nahi duten ikur gisa» darabiltela uste dute. Nafarroan, berriz, ikurrina legez debekaturiko ikurra dela salatu zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, honakoa adierazi zuten: «Espainiar estatuaren mendeko ikurra dela erakutsi nahian, legez behartu nahi gaituzte instituzio publiko guztietan Ikurrinaren alboan espainiar bandera jartzera».

Adibidetzat Bilboko kasua jarri zuten, bertako udaletxean bandera espainola etengabe jarrita izateko agindu baitu EAEko Auzitegi Gorenak. «Bilboko Udaleko alkate jaun Azkunak, erabaki hori beteko duela jakinarazi du», azaldu zuten, eta honakoa galdetu: «Nola izan liteke, bere burua abertzaletzat duen alderdi batek, berak ordezkatzen dituen herritarrei muzin egin, eta espainiarren aginduetara jartzea? Bihar epaitegi batek euskara debekatuko balu EAJk ETB itxiko al luke?».

Beraien ustez, Iñaki Azkunak hartutako erabakiak, «haserrea eta samina» eragitea besterik ez du lortuko; «Euskal Herriak bizi duen gatazkan sakontzeko besterik ez du balioko».

«Euskal nortasuna eta izatea hankapean makurrarazi nahi dutenen» aurrean zutitzeko garaia dela ohartarazi zuen ekimenak, eta horretarako deia egin zien herritarrei. Instituzioetako ordezkariei, berriz, eskatu zien «Euskal Herriaren aurkako espainiar aginduak ez betetzeko».

Bai Euskal Herria herri ekimenak ere ez du besoak gurutzatuta geratzeko asmorik, eta jakinarazi zuenez, jada harremanetan jarri dira 30 eragile sozial eta gehiagorekin. Asmoa, gainera, atxikimenduak biltzen jarraitzea da. Izan ere, beraien ustez, «inposizio honen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa da». Horregatik, antolatuko diren erantzun egitasmo guzti hauek sustatzeko asmoa agertu zuten, «erantzutea ez dagokie bilbotarrei bakarrik, ezta ere lizartzarrei soilik», benetako «protagonistak herritarrak direla» uste baitute.

ikurriñaz bete

Datorren igandean Aberri Egunean ikurrinak etxez etxe zintzilikatzea «inoiz baino garrantzitsuago» dela esan zuten. Beraz, leiho guztiak ikurrinez betetzeko dei egin zieten herritarrei.

Irundik Hendaiarako martxan parte hartzeko deia egin dute

Datorren igandean ospatuko da Aberri Eguna, eta herri ekimeneko kideek gogora ekarri zutenez, aurten, iaz ere egin zuten bezala, «alderdi politikoen deialdiez harago, Nazio Eztabaidagunearen barne bilduriko hainbat herritarrek herri martxa antolatu dute Irundik Hendaiara».

Ildo horretan, Bai Euskal Herriari ekimena osatzen duten gizon eta emakumeek dei egin diote euskal gizarteari «Nazioa gara, zazpiak bat burujabetzaren alde» leloarekin egingo den martxa horretan parte har dezaten igandean. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo