GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal Liga

Portlandek penak ahaztu eta gogoz jokatu beharko du irabazteko

GARA | iRUNEA

Portland San Antoniok norgehiagoka garrantzitsua jokatuko du gaur Octavio Pilotes Posada talde galiziarraren aurka. Aurreko astean jasotako emaitza txarrek ez diote mesede handirik egin talde nafarrari, oraindik oso hurbil baitago Txapeldunen Ligan jasandako kanporaketa.

Baina taldeak ondo daki zein den errezeta: «Europa ahaztu eta Asobal Ligari heldu behar diogu indar guztiekin. Jasotako kolpea ahaztu eta lurretik altxatu behar dugu lehenbailen; hori lortzeko Pilotes taldeari irabaztea izango da lehen pausoa».

Orain Portlanden helburu nagusia sailkapen nagusian duten 3. postuari eustea izango da; eta horretarako ezinbestekoa da Pilotes Posadaren aurka garaipena lortzea.

Talde galiziarra, sailkapeneko erdialdean dagoen arren, arerio zaila izango dela diote. «Teoriaz, talde apalagoa badirudi ere, kontuz ibili beharko dugu, halako taldeen aurka izaten ditugulako kontzentrazio faltarik nabarmenenak» dio Javier Cabanas, Portland San Antonio taldearen entrenatzaileak.

Lesioak protagonista

Pasa den asteko kolpe morala gutxi ez balitz, lesioek ere protagonismo handiegia hartu dute nafarroako taldean.

Davor Dominikovic eta Ratko Nikolicek ezin izango dute biharko norgehiagoka jokatu. Hori nahiko ez eta, beste jokalari batzuk ere minduta daude; besteak beste Ricardo Andorinho eta Ivano Balic.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo