GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren Mailako Binakako Txapelketa

Ordaina hartu nahi dute Iker Arretxek eta Eskuderok

Larunbateko finalean Retegi eta Argote izango dituzte aurkari, txapelketan irabazi dien bikote bakarra

p039_01_148x92.jpg

Aritz SORZABAL | IRUÑEA

Bi hilabete igaro eta hogeita hamar partida jokatu ondoren, hemen da Bigarren Mailako Binakako Txapelketako finala. Datorren larunbatean izango da, 16.15etan, Iruñeko Labriten. Egun horretan, Julen Retegik eta Jokin Argotek iaz lortutako txapela defendatuko dute Iker Arretxeren eta Iñaki Eskuderoren aurka. Bi bikote hauek finalerako materiala aukeratu zuten atzo Nafarroako hiriburuan.

Txapeldunek 105,2; 106 eta 105,1 gramoko pilotak banatu zituzten; haien aurkariek, berriz, 103,4; 104,4 eta 103,3 gramoko materiala. Azken hauek pilota azkarragoak eta mugitzeko errazagoak aukeratu zituzten.

Finalistek partida bakar bat galdu dute txapelketa osoan. Retegi Bik eta Argotek Binakakoaren lehen jardunaldian jaso zuten porrota, Saralegi eta Izaren aurka galdu baitzuten (22-18) Zornotzan. Horretaz bi hilabete igaro dira. Jokatutako hurrengo zazpi norgehiagokak irabazi dituzte, larunbatean aurkari izango dituzten bi pilotarien aurkako lehia tartean (22-20). Hain zuzen ere, Arretxe II.ak eta Eskuderok txapeldunen aurka galdu dute Binakakoaren partida bakarra. Horrenbestez, finalean mendekua hartzeko aukera izango dute.

Titin, onena

Bestalde, Binakako Txapelketa nagusiari dagokionez, Ogetako finalak ikusmin handia sortu du, Aimar Olaizola-Oier Mendizabal eta Titin-Aritz Laskurain bikoteen arteko lehia ikusteko salgai jarritako sarrerak -gonbidapenetan eta finalisten artean banatu dira gainontzekoak- atzo agortu baitziren atzo. Salmenta Interneten eta telefonoaren bidez egin zuten. Finalerako atzera-kontua abian da, beraz.

Euskadi Irratia Sariari dagokionez, Titin iritsiko da lider finalera, azken partidan puntu gehien jaso dituena baita. Orotara, Triciokoak 512 puntu ditu. Aimar Olaizola bigarren da, 487 punturekin.

materiala

Labriten jokatuko den finalerako materiala atzo aukeratu zuten. Iker Arretxek eta Iñaki Eskuderok pilota azkarragoak eta mugitzeko errazagoak aukeratu zituzten.

ez dago sarrerarik

Lehen Mailako Binakako Txapelketako finala ikusteko sarrerak ordu erdian agortu ziren goizean. Interneten eta telefonoaren bidez saldu zituzten Asegarcek eta Aspek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo