GARA > Idatzia > Ekonomia

CIE Automotive taldeak lanpostuak murriztu nahi dituela salatu du LABek

GARA | DONOSTIA

LAB sindikatuak salatu duenez,  «Euskal Herrian 12 lantoki dituen», eta «urtez urte mozkinak etengabe agerikoak dituen» CIE Automotive taldeak berton dituen lantegietan «enplegu galera» iragarri du.

«Atzerrian lantokiak erosi arren, Euskal Herrian dituen lantegietan bestelako etorkizuna du, askoz ere ilunagoa», adierazi zuen atzo sindikatu abertzaleak ohar baten bidez. Bertan jasotakoaren arabera, «horrela bakarrik uler litezke gure herriko lantoki gehienetan langile zerrendak murriztea erabaki izana, azpikontratazioa, lanak kanpora eramatea, eta euskal CIEtan lan egiten duten 1.867 langileen lan baldintzak okertzea erabaki izana».

Azkeen urteetako joera

Bestalde, taldearen zuzendaritzaren joera hori ez dela berria dio LABek, azken urteetan zenbait zentroetan langile kopurua urritu egin baita. Hain zuzen ere, inguruko zenbait enpresetan izandako lanpostu galera erakusten duten zifrak eskaintzen ditu. Besteak beste, Igorreko Trabusi enpresan eta Abadiñoko Inyectamentalen izan dira galerarik handienak, hurrenez hurren, 91 eta 49 lanpostu galdu baitituzte.

Era berean, Eibarko CIE-Norman, Udalbide gehi Stukan eta Legazpiko GSB Forjan, lanpostuak galdu dira azken urteetan.

Horretaz gain, azken urteetan egindako mugimenduak azaltzen ditu LABek, besteak beste, Alfa Deco eta Recyde enpresak erosi baitzituen taldeak, baina 2006. urtean, «Gerdau (Sidenor) taldeari saldu zizkion, ordea, Azkoitiko eta Legazpiko lantokiak», guztira 900 langile inguru zituztenak. 

Egoera horren aurrean, LABek kezkagarritzat jo du CIE taldeko Euskal Herriko zuzendaritzaren jokabidea, enpresa batzordeei eta beren lantegietako enplegatuei «datozen urteetan lantegi honetako langile kopurua» murriztuko dutela jakinarazi baitie.

«Ez ikusiarena» egiten dute

Beste alde batetik, Administrazioaren jarrera ere gogor salatzen dute LABeko ordezkariek, eta EAEko instituzioen jarrera guztiz salagarria dela esanez.

«Industria Saila honen buru izanik, errealitate honi ezikusiarena egiten dio, eta nahiago izaten du beste alde batera begiratu gure industriaren etorkizuna jokoan dagoenean: oso egoera onean dauden puntako enpresek enplegua suntsitzearen alde egiten dute», adierazi dutenez.

«Euskal Herriko metalgintzan erreferentzia den eta egun milioi askotako mozkinak dituen enpresa baten» politikari buruz ari direla gogorarazi zuen LABek, eta egoera horren aurrean, enpleguaren alde mobilizatzea derrigorrezkoa dela nabarmendu zuen, jokoan dagoena «gure etorkizuna» delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo