GARA > Idatzia > Musika

Kanta xumeak biluziago, ederrago

Konturatu gara talde gehienek soinu kalitateari berebiziko garrantzia ematen diotela, baita punkiek ere. Taldean jotzen hasi eta fite, haien lehentasunen artean sekulako instrumentu eta anpliak eskuratzea dago, tresna kutreekin aritzea lotsagarri balitz. Berriki metal talde nafar baten gitarristak hala esan dit, haiek gutxieneko baldintza teknikorik gabe ez dutela jotzen

Blanca IZKUEM | Musikagintzako langilea

Ahaztua nuen zer den lagunen arteko kontzertu bat. Ez esklusiboa, sartzeko gonbidapenik edo inongo gomendiorik eskatzen duenik, gutxieneko tresneriaz lagun giroan egindako emanaldia baizik. Joan den astean izan zen, oso kontzertu berezia, taberna batean eta doakoa. Soinu eta argi kalitate minimoa nahikoa zuten han taularatu ziren musikariek. Hiru lagun: gitarra bi, teklatu bat eta haien ahotsak, kito. Urteak ziren lagun musikari horiek zuzenean entzuten ez genituela. Urte asko pasatu baitira bost lagunek osatzen genuen taldea utzi genuenetik, eta harrezkero taldekide gehienok ez ditugu instrumentuak berriz zuzenean astindu. Lagunei akatsak barkatzeko joera dugunez, gutxienekoa izan zen zenbait kanturen hitzak ahaztea, edo desafine batzuk izatea. Garrantzizkoa, berriz, trasteak hartu eta kantu xume batzuk jotzen ahalegindu zirela, eta horri esker koadrila majoa elkartu ginela. Kantu propioak, bertsioak, berriak, zaharrak, erdaraz eta euskaraz, errepertorioa anitza zein apala.

Taldea utzi izan arren, musika eta musikariekin harreman oso estua izaten jarraitu dugu. Talde anitz ezagutu ditugu, grabazio saioetan bisitatu -konfiantzak horretarako beta eman digunean-, zuzenean entzun, haien diskoak belarri kritikoz aztertu, haiekin bere gustuaz aritu (eta asko ikasi ere), eta zuzenean jotzeko behar dituzten baldintzez solastu. Honela, konturatu gara talde gehienek soinu kalitateari berebiziko garrantzia ematen diotela, baita punkiek ere. Taldean jotzen hasi eta fite, haien lehentasunen artean sekulako instrumentu eta anpliak eskuratzea dago, tresna kutreekin aritzea lotsagarri balitz bezala. Berriki metal talde nafar baten gitarristak hala esan dit, haiek gutxieneko baldintza teknikorik gabe ez dutela jotzen. Ados horrekin, teknologikoki musikaren munduak ere aurrerapen handiak izan ditu, eta publikoak kalitate minimo bat merezi baitu. Baina ez da hori jendeari oilo-ipurdia eragiten diona, kantuen edertasunak baizik. Maiz, soinuaren kalitateak aurrea hartzen dio kantuaren kalitateari, eta horrekin ez nago ni ados. Kalitatearekin itsutu gara azken urteotan, abestien beraien kalterako. Kontzertuaren egunean bertan, Pottokarekin -Baztango egile abeslari zintzoa, inondik ere- egin genuen topo. Berak, honen adibiderik argienak, gure iritzia berresten lagundu digu: kantu eder eta xumeek gitarra zahar baten laguntza nahikoa dute jendaurrean harrotasun osoz agertzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo