Jose Jabier Sestorain, Ainara Gastearena eta Karlos Agirre Leitzako Bai Euskal Herriari herri ekimenaren izenean
Nazio bat garelako, burujabetza!
Duela 30 urte bezala, leitzarrok ikurrina gure udaletxeko balkoian ikusi nahi dugu, Leitza eta Nafarroako ikurrekin batera, hori baita gehiengoaren nahia
Badira jada, 30 urte luze, Leitzako herritar talde baten eskutik gure udaletxeko balkoian ikurrina agertu zela. Beraz, inork ezin digu esan, lau inozoen kontua dela, 1977an bezala, gaur egun, 2008an, leitzar gehiengoen borondate irmoa izaten jarraitzen baitu. Orduan ere, egungo egoera pairatzen genuen, ikurrina legez kanpo zegoela erabaki zuten Madrilgo jauntxoek eta egun, Leitzako udaletxean ikurrina jartzea debekatuta dago, orduko zapaltzaileen oinordekoek, oraindik ere, eskubide urraketen erantzule zuzenak izaten jarraitzen baitute.
Garai hartan, Ipar Euskal Herritik ezkutuan ekartzen zituzten ikurrinak. Zenbat eta handiagoa, orduan eta hobea, horrela, ikusteko arazorik ez! Gaur egun, ikurrina lortzea errazagoa izan arren, harrotasun berarekin jartzen dugu udaletxean, ekartzea erraza bada ere, udaletxean jartzeak ikusmen arazoak sortzen baitizkio bati baino gehiagori.
Leitzan Bai Euskal Herriari ekimenetik hausnarketa bat abian jarri dugu ikurrinaren aferaren inguruan. Hausnarketa irekia izan da, eta herriko gainontzeko eragile zein herritarrekin batera egin nahi izan dugu. Hausnarketa honen oinarria argia da: duela 30 urte bezala, leitzarrok ikurrina gure udaletxeko balkoian ikusi nahi dugu, Leitza eta Nafarroako ikurrekin batera, hori baita gehiengoaren nahia.
Euskal Herriak, esan ohi den bezala, «izena eta izana» dituelako. Euskal Herria euskararen herria delako eta, hots, Euskal Herri euskalduna delako gure nahia. Euskal herritarrez osatutako herria, eskubide guztiak guztientzako bermatzen dituena. Euskal Herria delako munduan zehar zabaldu nahi dugun izena, eta ordezkatu nahi dugun herria. Euskal Herria dugu helmuga, eta bidelagun izan nahi duten leitzar eta euskal herritar guztiekin batera asko dugu oraindik ere egiteko.
Datorren igandea, adibidez, egun handia da Euskal Herrian. Gure aberriaren eguna, euskal naziotasuna inoiz baino sendoago agertzeko eguna. Datorren igandean, asko dugu ospatzeko, eta asko dugu aldarrikatzeko ere. Ospakizuna eta aldarria elkar loturik joango dira, euskaldunok ohituta gauden moduan. Euskal Herria nazio bat da, eta nazio gisa bere etorkizuna aukeratzeko eskubidea du. Euskal Herria izango da euskal herritarrok nahi duguna, ez baitugu onartuko, inoren eta ezeren izenean, zapalketa eta eskubide urraketa gehiago.
Ez genuke artikulu hau bukatu nahi Lizartzako kasua aipatu gabe, eta bertako herritarrei gure esker onik beroenak erakutsi gabe. Miresgarria da legedi faxista batek inposaturiko alkatesa faxista baten inposaketaren aurrean herri oso batek erakutsitako duintasuna eta kemena.
Lizartzan, Leitzan eta Euskal Herriko herri eta txoko guztietan, ikurrinak jartzera goaz. Etxeetan, plazan, gaztetxeetan eta udaletxean, gure herriak zuriz, gorriz eta berdez jantzita agertuko dira.
Datorren igandean denok dugu egiteko garrantzitsu bat: Aberri Egunaren ospakizunekin hasteko, ikurrina gure udaletxeko balkoian jarriko dugu. Distira berezia eraginen duen ikurrin bat izanen da, aldi berean etxe askotako leiho, balkoi zein teilatuetan, argi indartsu batekin ikusaraziko baitugu. Leitzan hasitako olatuak, Hendaian izanen du Kantauri itsasoan barrena zabaltzeko aukera, han bilduko baikara milaka eta milaka euskal herritar helmuga bakar batekin. Aberri Egunaren leloak dioen bezala: Euskal Herria, Zazpiak bat, Burujabetza!