Bilgune Feministak Irundik Hendaiarako martxan parte hartzeko deia egin du
GARA |
Herritar talde batek antolatuta, Aberri Egunean Irundik Hendaiara egingo den martxan parte hartzeko deia egin die emakume guztiei Euskal Herriko Bilgune Feministak.
Emakumeen egoerak larria izaten jarraitzen duela gogora ekarri dute. «XXI. mendean oraindik diskriminazioak badirau: parekidetasuna oraindik lortzeke dago lan eremuan, gure bizitzako eremu pribatuan; irakaskuntza, kultura eta komunikabideak gure zapalkuntza bermatzen duten zutabeak dira, gure herriaren eraldaketarako elementu izan beharrean», adierazi dute. Ildo horretan, kritikatu dute instituzioek ere ez dutela agertzen erantzun errealak emateko borondaterik eta gaitasunik.
Egoerari buelta emateko, besteak beste, «patriarkatuari aurre egiteko alternatiba feministak ikusarazteko eskubidea, egungo jendartea errotik aldatzea ahalbidetuko duten harreman sozialak aldarazteko eskubidea, diskriminazio eta indarkeria oro desagerrarazteko eskubidea» beharrezkotzat jotzen ditu. Horretarako, eragile politiko abertzale guztiek urrats kualitatibo, sendo eta bateratuak emateko konpromisoa hartu behar dutela uste du Bilgune Feministak: «Bizi dugun momentu historiko honetan inoiz baino beharrezkoagoa da nazio gisa indarrak metatu, eta aurrerapausoak ematea, harreman hierarkikoak gainditu eta denontzako Euskal Herri berri bat izan dezagun».
Emakumeen eskubideen aldeko borroka nazio eraikuntzaren barruan txertatzea, Euskal Herri berritua marrazteko garaian aintzat hartzea, eta sektore aurrerakoiekin egoera aldatzen lagunduko duten aliantzak sortzea oinarrizkotzat jo dute. Bide horretan Irundik Hendiara egingo den martxan aktiboki parte hartzea beharrezkoa dela uste dute.