GARA > Idatzia > Kultura

Santimamiñeko kobazuloa hiru dimentsiotan izango da ikusgai aurrerantzean

GARA | BILBO

Santimamiñeko koba bisitatzeko aukera dago berriz ere, bisita arrunta izango ez den arren. Bada, Bizkaiko Foru Aldundiak berriki aurkeztutako «Santimamiñe, milaka urteko paisaia» izeneko ekimenak ahalbidetzen dio orain bisitariari leizearen sarreraraino sartzea, baita labarretako irudi famatuak birtualki hiru dimentsiotan ikuskatzea ere, Santimamiñeko baselizan.

2006ko azaroan haitzuloaren ateak ixteko erabakia hartu behar izan zuen Foru Aldundiak, haren iraupena bermatze aldera arkeologoek neurri hori gomendatu ostean. Argiak, eskailerak, burdinak... azpiegitura guztia kendu, eta hustu egin behar izan zuten eremua.

1916. urtean Bizkaiko labar-pintura garrantzitsuenak diren hauek aurkitu zituztenetik ordura artean, 2006a bitartean, alegia, milioi bat bisitari jaso zituzten.

Oraintsu aurkeztu dena, nolanahi ere, kobazuloen erreplika birtuala da: sei mila lanordu inguru behar izan dira horretarako, eta sei milioitik gora izan dira prozesatutako informazio puntuak, proiektuaren ardura izan duen Virtualware enpresak jakinarazi duenez.

Bisita birtual hauek San Mames santuari eraikitako baselizan egiten dira, Santimamiñe izena duen horretan. Eta bertan, 3,5 metroko zabalera eta 2,5ko altuera duen pantaila estereoskopikoa ezarri dute horretarako.

Betaurreko bereziak jantzita, bisitariak haitzuloa ez ezik, bisonteen zein zaldien pintura famatuak ere hiru dimentsiotan ikusi ahal izango ditu, koban sartzeko beharrik izan gabe, eta horrenbestez, eremua kaltetu gabe.

Soinua ere badu proiekzioak

Gainera, haitzuloaren barnean egoteak dakarren sentsazioa gehiago indartze aldera, bisita birtualari zuzenean, in situ, grabatutako ingurumen-soinuak ere erantsi dizkiote.

Koba birtuala berregiteak hiru dimentsioko eskaner laser baten 200dik gora ekorketek jasotako informazioa izan du oinarri, baita definizio altuko 1.500 argazki digital eta gehiago, baita bideo, mapa eta bestelako dokumentazioa ere.

Orotara, prozesu guztia aurrera eraman ahal izateko ahaleginak sei hilabete iraun du. Sei milioitik gora dira arduradunek prozesatu behar izan dituzten informazio puntuak, eta sei milatik gora lan ordu eskaini dizkiote.

«Santimamiñe, milaka urteko paisaia» bisitatzeko, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik. Ibilbideak asteartetik igandera, goizeko zein arratsaldeko ordutegia du. Zita eskatzeko: santimamine@bizkaia.net helbide elektronikoa, eta 94 465 16 57 edo 94 465 16 60 telefonoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo