UPNk Foruzaingoaren «militarizazioa» areagotu duela salatu du Askatasunak
Hodei Ijurkoren atxiloketan parte hartzeagatik Foru Polizia zoriontzerakoan, UPNk segurtasun indar honen «militarizazioa» areagotu duela salatu du Askatasunak. Sindikatuek lan «errepresibo-politiko» honen aurkako jarrera erakutsi beharko zutela gaineratu du.
GARA |
Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez, Hodei Ijurkoren atxiloketarekin Nafarroako Foruzaingoak «estrategia errepresiboan» aurrerapauso «nabarmena» eman du. Kale eraso batean parte hartzea egotzi zioten gazteari, eta foralek lehen aldiz eraman zuten norbait Audientzia Nazionalera. Askatasunak hori «jauzi kualitatiboa» izan dela adierazi du.
Aste honetan atxiloketan parte hartu zuten poliziak zoriondu ditu UPNk, eta Askatasunaren aburuz, horrekin Foru Poliziaren «militarizazioan» sakondu egin du. «UPNren asmoa polizia honekin independentisten aurka egitea da, herri mugimenduaren kontra azken urteotan egin duen bezala. Foruzainak gatazka politikoan murgildu nahi ditu, egungo markoa blindatu nahian», salatu du.
Foru Poliziaren sindikatuen artean «militarizazio» horren aurkako jarrera «faltan» botatzen duela gaineratu du errepresioaren aurkako erakundeak, eta ea «lan errepresibo-politikoa» egin nahi duten galdetu.
Ildo horretan, ELA sindikatuari zuzendu zaio, «soberanisten batasuna aldarrikatzea, eta gazteak Audientzia Nazionalera eramatea babestea» bateragarria ote den galdetuz.
Aurka egiteko politika
Gogorarazi duenez, Ijurkoren atxiloketa egunean gertatu ziren istiluak azaltzeko egunkari honetan pertsona ezezagun batek adierazi zuenez, foralak ez zirela erasoaren helburu izan, eta, hala ere, «enfrentamenduaren bila» joan zirela.
Foru Poliziaren sindikatu horiek UPNren politika babestuz «isilik» ezin dutela geratu adierazi du Askatasunak. Beraien aburuz, politika horri amaiera eman behar zaio Foruzaingoak ezin baitu «indar errepresibo bat izan herritarren zerbitzura egon nahi badu».
Askatasunak salatu du UPN Foru Polizia erabiltzen ari dela «independentisten aurka» egiteko.