GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Noranahikoa

Ba al dakizu, irakurle, gaztelaniazko agredir aditza defektiboa dela eta i hondarkia duten adizkiak baino ez zaizkiola jokatzen? Baldin badakizu, ondo; baina ez badakizu ere, Hego Euskal Herrian, Madrilen edo Argentinan bizi zarela, inork ez dizu esango gaztelaniaz ez dakizula, edo gaizki hitz egiten duzula. Ez hori ez jakiteagatik. Gainera, aditz horretako forma guztiak barra-barra erabiltzen dira eta, oraingoz behintzat, zerua ez da lurrera erori. Bururatu egin zait eta kito.

Euskara noranahikoa lortu dugu, gora begira behintzat. Egunkarian normaltasun osoz idazteko, fakultateetan fisikaz jarduteko (hara, egia da Jose Ramon Etxebarriak Adolfo Suarezi orain dela 31 urte erantzun zion hura...), are filosofiaz solastatzeko tresna. Eta, jakina, eskolan haurrak hezteko. Baina fakultateko euskarak, edo eskolakoak, ez du balio lagun artean hitz egiteko. Haur batek kalean ez du ekuazioa definitzeko erabili duen hizkera erabiltzen. Ez Azpeitian ez Gasteizen. Bi lekuotan gazteen hizkeran egingo dute. Hori bai, Azpeitian euskaraz eta Gasteizen gaztelaniaz. Gasteizkoek eskolako, ikasgelako euskara -eta zenbaitek gurasoena- baitute erreferentzia bakarra. Derrigorrezko hezkuntzaren ondoren ikasketak euskaraz egiten badituzte, trebakuntza handia hartuko dute fisika edo filosofia lanak egiteko, baina lagun artean gaztelaniaz erosoago egingo dute. Batzuek, hala ere, militantziaz edo dena dela, euskaraz egingo dute, baina erregistro horretan, lagun artekoan alegia, gaztelaniaz erraztasun handiagoa dutela. Beren euskara ez dela noranahikoa konturatuta. Zeniezazkigukete eta aditz paradigma osoa trabatu gabe idazteko gauza dira, baina kalean ez dute behin ere horrelakorik entzungo.

Ez dut ezer berri esan, badakit. Besterik gabe, nor bere barnera biltzeko (eta opor) egun hauetan, prozesiora joan ordez, gogoetatxo hau egin dut orain artean jaramon handirik egin ez diodan kontu bat dela-eta, A ereduaren aldeko gurasoen eskakizunak direla eta. Arduratuta daude gaztelaniagatik. Hala ere, Lasai lo egin dezatela, euskara hutsean ikasita ere, haien seme-alabek ez dute-eta arazorik bat ere izango lagun artean erdaraz egiteko. Agredir aditzaren adizki i hondarkidunak baino ez direla jokatzen jakin gabe ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo