Urrezko aizkora
Sei norgehiagoka izango dira bi egunetan
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako sei kanporaketa jokatuko dira asteburu honetan. Bihar Asteasun hiru jokatuko dira, eta astelehenean, berriz, Larraintzarren beste hiru neurketa erabakiko dira.
Asteasuko pilotalekuan, bihar 23.00etatik aurrera, maila nagusiko hiru kanporaketa izango dira. Mugertza III.a Zubizarretaren aurka arituko da. Zubiaga Mujikaren kontra, eta Elorriaga Alkizalete I.aren kontra.
Azken bi kanporaketa hauetan faboritoak garbiak dira, izan ere, Mujika eta Elorriaga baitira zaleen ustez irabazi beharko luketenak. Besteak estuagoa dirudi, baina adituen ustez, Zubizarreta da Mugertza gazteari irabazteko faboritoa. Saio berean, 18 urtez azpiko neurketa bat ere izango da, Alkizalete II.aren eta Ohian Larretxearen artean. Azken honek Beran irabazi egin zuen.
Astelehenean, 19.00etan hasiko da Larraintzarko saioa. Bertan, Etxebeste Mendietaren aurka lehiatuko da, Senosiain II.a Esnaolaren aurka, eta Senosiain I.a Kañamaresen aurka.
Hiru hauetan, Senosiain bakarrik da faborito garbia. Beste bietan gauzak estuago egon daitezkeela ematen du, baina zaleek Etxebesteren eta Senosiain I.aren aldeko dira.
Saio honetan bertan, 18 urtez azpiko neurketa bat ere ikusteko aukera izango da. Kañamares III.ak Olanoren aurka jokatuko du. Etorkizun handiko bi aizkolari arituko dira nor baino nor gehiago.