Top 14
Biarritzek eta Avironek gora egiteko aukera izango dute
Zuri-gorriek gaur ilunabarrean, 20.30ean, Brive hartuko dute Agilera estadioan, eta Avironek, berriz, bihar jokatuko du Akizen, 17.30etatik aitzinera
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Biarritzek eta Avironek aukera ona dute sailkapenean gora egiteko. Zuri-gorriek Brive hartuko dute gaur 20.30etik aurrera Agilera estadioan, eta Avironek, aldiz, bihar jokatuko du Akizen, 17.30etik aurrera.
Biarritzen egoera ez da gozoa, ez baitu urte guztian bere maila erakutsi. Une honetan laugarren da, finalerdiak jokatzeko postuetan, baina bosgarrena puntu bakarrera dauka, eta seigarrena, bira. Orain artekoa ikusita, zaleak zalantzaz beteta daude, ez baitute taldea nahiko luketen mailan ikusten.
Denboraldi honetan baja asko izan ditu Biarritzek. Kolpatuak, inoiz baino gehiago ditu, eta selekzio ezberdinetan ere, jokalari ugari izan ditu azkenaldian. Sei Nazioetako lehiaketak min handia egin dio, lehendik larri zebilen talde lapurtarrari.
Amaitu dira, oraingoz, selekzioen partidak, eta jokalari guztiak beren taldeetan aritzeko moduan izango dira. Alde horretatik, Biarritzek ez du arazorik izango, nahiz eta kolpatuak oraindik badituen. Hala ere, Dimitri Yachvili taldean izango du berriro ere, eta hori oso berri ona da euskaldunentzat, bera Frantziako selekzioarekin jokatzen aritu den bitartean, bere hutsunea gehiegi nabaritu baidute zuri-gorriek. Gainera, aurten, oso gutxi jokatu du bere taldearekin. Lesioek, eta selekzioak, ez diote utzi Biarritzen partida asko jokatzen, eta orain izango du aukera.
Aurrez aurre Brive izango dute, eta Biarritzek ez luke arazorik izan beharko lau puntuak eskuratzeko; erasoan puntu gehigarria egiteko ere, talde aproposa izan daiteke, hamaikagarren baitago, eta mailari eusteko borrokan ari baita.
Avironek, berriz, derbia izango du Akizen. Landetako herri hau Euskal Herritik oso gertu dago, eta beraien eta euskaldunen arteko neurketak derbiak izaten dira. Akize sailkapeneko azkenaurreko postuan dago, jaitsierako postuan, eta nahiko atzeratuta, gainera.
Mailari eutsi nahi baldin badio, puntuak ahalik eta azkarren batu beharra izango dute, bestela maila galduko baitute. Hori, eta aurrean Baionako taldea izateak, indar berezia emango die. Beraz, lehen minututik aterako dira erasora.
Aviron, denboraldi bikaina egiten ari da, eta irabazita, zortzigarren postutik gora egiteko parada du. Gainera, etxetik at orain arte ez dute etxeko joko bera erakutsi, eta hori aldatzeko aukera ederra izango dute bihar arratsaldean.
Ez da ahaztu behar, datorren larunbatean Stade Français izango dutela bisitari Jean Dauguerren. Bihar Akizen irabazita, askoz ere lasaiago hartuko dute Frantziako hiriburuko taldea. Daniel Larretxea izango da baionarrek bihar izango duten hutsunerik nabarmenena.
Biarritzek egun duen laugarren postua arriskuan izango du, atzeko taldeak oso gertu baititu. Sailkapenean atzealdean dagoen talde baten aurka jokatzea, galdu ezin duen aukera da zuri-gorrientzat
Akizen derbia izango dute. Neurketa hauek bereziak izaten badira ere, Landetako taldea jaitsiera postuan dago, eta Avironek aukera ederra du etxetik kanpo erakutsi ohi duen maila aldatzeko