GARA > Idatzia > Kultura

Kabaretaren munduan murgilduko da Kilikolo zirkua

Bi Harriz Lau Xori jaialdian, Kilikolok antzezlan berri baten aurreemanaldia egingo du. «K-barre»k 30eko eta 70eko hamarkaden arteko kabaret giro desberdinen berri emango du, zirkuko elementu askorekin nahasiz. Publikoa gozarazteaz gainera, kabareten unibertsoan sartzen saiatuko dira zirku taldekoek. Estreinaldi osoa hurrengo asteburuan izango da Izpuran.

p054_f01_71x88.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Kilikolo zirku taldekoek ikuskizun berri bat daukate esku artean eta bihar ikusi ahal izango da estreinakoz lan hau, Biarrizko Bi Harriz Lau Xori jaialdian. Zirku taldeko kide den Aitz Amilibiaren arabera, jendearen harrera neurtzeko eta baloratzeko balioko du aurreemanaldi honek, datorren astean izango baita estreinaldi osoa Izpuran. Ikuskizunaren ondoren jendearekin hitz egiteko parada izango dute taldekoek, eta ikus-entzuleen iritzien arabera egingo dituzte azken aldaketak. «Ulertu duten edota gustatu zaien jakin ondoren, astebeteko epea daukagu egin beharreko aldaketak gauzatzeko», azaldu du Amilibiak.

«K-Barre» antzezlanak 30eko eta 70eko hamarkaden artean egon ziren kabaret mota ezberdinak ikusaraziko ditu. Hamarkada bakoitzeko zirkuko ale bat gorde dute, lau garaien arteko nahasketa bat sortuz. Baina antzezlanaren elementu nagusia zirkua da, akrobazia, trapezioak, eskujoko eta oreka asko baitaude. Kabareta eta zirkuaren arteko nahasketa berezia sortuko da, azkenik, «jendeak ondo pasatzea» helburu duen lan honetan. «Unibertso bat sortu dugu eta jendea horretan murgiltzen saiatuko gara», gehitu du Aitz Amilibiak.

Orain dela hiru urte atera zuten aurreneko lana Kilikoek eta oraingoan zerbait «musikalagoa eta finagoa» egiten saiatu dira, Amilibiaren hitzetan. Erorketak eta umore ukituak ez dira faltako, horixe baita Kilikoloren ideia: erdipurdi ibiltzea.

Umorea oinarri hartuta, Kilikolokoek eskaintzen duten berezitasun nagusia zirku teknika landuak erabiltzen dituen lan herrikoia da. Gaur egungo egoera ikusita, bi zirku mota desberdintzen ditu Amilibiak: garaikideak direnak, Cirque du Soleil bezalakoak, eta tradizionalak. Bietatik hartu nahi dituzte elementuak Kilikolokoek, esate baterako, teknika garaikideak eta elementu barregarriak. Lehenengo motakoek oso ikuskizun landuak prestatzen dituzte, baina leku handi baten beharra dute. Horregatik, «zirku minimizatua» egiten saiatu dira, hau da, trapezioak eta bestelako tresnak erabiltzen dituzte, baina lau metroko altuera duen leku batean sar daitezkeenak Helburu argia du txikitze prozesu honek: zirkua jendearengana hurbiltzea, horretarako, edozein lekutan sar daitekeen proposamen bat landuz.

Antzezlan herrikoi bat egitearen helburua «zirkua inoiz ikusi ez duen» egitea da. Kilikoloko taldekidearen aburuz, zirku garaikideak duen akats nagusia ulergaitzak diren gauza asko egitea da. Hortaz, beraien ikuskizunetan bakuntasunera jotzeko erabakia hartu dute taldekoek; «ez dago istorio intelektualak jarraitzeko beharrik», argitu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo