Duintasunez eta askatasunez hiltzeko helburua
Chantal Sébiren kasuak hautsak harrotu ditu, ez frantziar Estatuan soilik, Europa osoan baino. Eutanasiaren alde borroka juridiko eta, azken batean, politikoa azken bururaino eraman ostean, aukera legal guztiak itxita zituenean, bere buruaz beste egitea erabaki du, zantzu guztien arabera.
Diskurtso ofizialetan, politikoki zuzenak diren horietan, bizitzaren balio sakratuaz hitz egiten dute maiz. Hala ere, eutanasiaren auziak argi erakusten du bizitzaz baino gehiago, biziaz ari direla balio hori baldintzarik gabe defendatzen dutenak, bizitzaren alderdi biologikoaz eta ez beste ezertaz, alegia. Eutanasia eskatzen dutenek ozen esaten dutelako bizitza eta bizirik egotea ez direla, nahitaez, gauza bat eta berbera. Eta ikuspuntu hori babestuz, itxikeriaren eta sineskeriaren aurka, gero eta estatu gehiago lege eredugarriak ari dira onartzen Europan.
Batzuk Sébik bere helburua lortu duela esango dute. Emaitzaz ari dira horiek, heriotzaz, alegia. Hori esateak gehiegizkoa dirudi, ordea. Argi baitago Sébiren helburua ez zela bere buruaz beste egiteko baimen ofiziala lortzea, huts hutsean. Horretarako aukera aurretik izan duelako, besteak beste. Ondorioz, bere helburua lortu duela esatean bizitzeko nahiz hiltzeko duintasuna eta askatasuna aldarrikatzen duen diskurtsoari eman dion bultzada aipatu behar dugu, lehenik eta behin. Horretan bai, helburua lortu du.