GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ttotto» omendu dute Zizurkilen bere heriotzaren 9. urteurrenean

Senitarteko, lagun eta herritarrek ez dute ahaztu zoritxarreko 1999ko martxoaren 20ko egun hura Joxelu Geresta, «Ttotto», Errenterian hilik agertu zen eguna. Bere heriotzaren bederatzigarren urteurrenean omen egin nahi izan zioten. Konpondu gabeko gatazkaren adierazletzat jo, eta hau bideratuko duen benetako alternatiba aldarrikatu zuten.

p016_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

1999ko martxoaren 20an agertu zen Joxelu Geresta «Ttotto», ETAko kidearen gorpua Errenteriako Zamalbide auzoko zuhaizti batean; senitarteko, lagun eta herritarren artean samina eragin zuen berria ahoz aho zabaldu zen egun hartan. Bederatzi urte joan dira ordutik, eta bere jaioterrian, Zizurkilen, omen egin nahi izan zioten atzo ere, beste behin.

Goizean goiz hasi ziren Ttoto-ren omeneko ekitaldiak mendi ibilaldiarekin. Ondoren, Urkamendira abiatu ziren oinez eta gudarien omenez, lore sorta eskaini, eta aurreskua dantzatu zuten mendi tontorrean dagoen monolitoan.

Ordu baterako zegoen iragarrita berriz, Ttottoren omenaldirako ekitaldi nagusia, non eta Joxelu Gerestari omen egiten dion «Ttottoren txokoan», hain zuzen. Txalaparta hotsek eman zieten bertaratutakoei hasiera abisua. Ondoren, bertan egongo bai, baina egoterik ez zuen lagunaren poesia irakurri zieten bertaratutakoei, bai eta kideek eginiko bertsoa Ttottoren ama bera taula gainean zela.

Askatasunaren izenean, ondoren, beste ordezkari batek hartu zuen hitza. «Bederatzi urte joan dira espainiar Estatuari eta bere aliatu naturalei eta, aldi berean, beharrezkoei lotsak ateratzen ez dizkien estatu krimena egin zutenetik; eta, lotsa behar du gero, horrelakoak egin eta gero biolentziaren diskurtso horrekin etortzeko behin eta berriz», salatu zuen gogor.

Gogora ekarri zuen aurreko astean bertan berreskuratu zirela Kandido Saseta Euzko Gudarosteko gudariaren gorpuzkinak, fusilatu eta 71 urte geroago. «Kandidok eta Ttottok aurrera eraman zituzten borrokak, garai eta une desberdinetan izanik ere, konpondu gabeko gatazka baten adierazle dira, biak ala biak», nabarmendu zuen. Horregatik, Euskal Herriak aldaketa behar duela iritzi zion: «Gatazka konponduko duen benetako alternatiba, herri honi hitza eta erabakia ematean datza lehen lehenik, inolako injerentziarik gabe, herri honek bere buruaren jabe izateko aukera guztiak izan behar ditu, Europako nazio askeen zerrendan gure lekua eta ahots propioa izan dezagun inolako morrontzarik gabe, gure buruaren jabe; eta hori da gure ibilbide politikoaren ardatza», aldarrikatu zuen, honakoa gaineratzearekin batera: «Guk badugu gure herriarentzako alternatiba, eta hori independentzia da».

Horregatik, «ez diegu utziko beste behin ere herri hau saltzen, ez dugu beste iruzur eta autonomiarik onartuko, herri honek bestelako soluzioak behar dituelako», adierazi zuen EAJaren jarrera salatzearekin batera. «Ez da posible euskaldunen hitza eta erabakiaren gainetik Madrilekin isilpean akordioak eta iruzurrak prestatzen jardutea».

Askatasuneko ordezkarien esanetan, jarrera hori ez zaie dohainik atera, «euren hauteskundeetan, espainiar hauteskundeetan, hitz egin du Euskal Herriak». Aldean, bidea «borrokatzea eta herri hau egunero-egunero eraikitzea, euskal Estatua berrantolatzea» dela nabarmendu zuen.

Askatasuneko kidearen hitzen ostean eta ekitaldia amaitzeko, «Ttottoren txokoan» kokatua dagoen monolitoari aurreskua dantzatu zioten bi dantzarik eta lore sorta bat jarri zuten bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo