GARA > Idatzia > Kultura

Praileaitz SOS eta Mutriku Natur Taldeak «Diru laguntza xumea» eskatzeko kanpaina abiatu dute

praile.jpg

GARA | DEBA

«Praileaitzek merezi du. Euro bat Praileaitzen alde». Lelo hori baliatuta, Debako historiaurreko leizearen inguruak zaintze aldera egingo diren ekintzek sortuko dituzten diru gastuei aurre egiteko, diru laguntza xumea eskatzen ari dira Praileaitz SOS eta Mutriku Natur Taldea, irabazirik gabeko elkarteak biak.

Prentsa ohar baten bitartez gogorarazi dutenez, Sasiolako harrobian egiten ari diren lanek eragin handia dute aipatutako leizearen inguruetan, «eta 22/1988 legeak Deba ibairen ertzetik 100 metrora arteko babesgunea ezartzen duen arren, aipaturiko legeak galarazten dituen hainbat lan egin dituzte (leherketak, mendi-hegala jatea...)». 3/1998 legeak berak ere mendi-hegala babesten duela eta Ur Agentzia erakundeak, egiten diharduen azterketak amaitu bitartean, lanak gelditzea agintzen duela ere nabarmendu dute.

Horiek hala, bada, leizearen inguruak babesteko asmoz lanean jarraitzeko erronkari eutsiko diote Praileaitz SOS-ek eta Mutriku Natur Taldeak. Baina, «aurrera eramango ditugun ekintzak sortuko dituzten gastuei aurre egiteko, diru laguntza beharrezkoa izango da -argitu dute-, salaketak aurkeztu dituzten taldeek, irabazirik gabeko elkarteak izateaz gain, baliabide ekonomiko txikiak dituztelako».

Hortaz, www.amigosdepraileaitz.wordpress.com blogean argitaratuko dira egindako ekintzen zein eralgitako diruaren gaineko azalpenak. Behar dena baino gehiago batuz gero, aldiz, gastatu gabe gelditzen den dirua, ingurumenaren alde ari den elkarteren bati emango diotela ere esan dute. Euro bateko, «edo nahi den besteko» laguntza emateko, kontua ireki dute Kutxan. Zenbakia, honako hau da: 3035.0188.9218.8101.4603.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo