Ipuruan berreskuratu behar kanpoan galdutako puntuak
Tenerife «gorantz begira» egonagatik, Eibarrek bere buruaz arduratu behar duela uste du Manix Mandiolak. Biharko neurketari begira, Etxabe eta Manel izan ezik, jokalari guztiak deitu ditu entrenatzaile eibartarrak
EIBAR-TENERIFE
GARA | EIBAR
Nork ez du errezeta ezagutzen? Etxetik kanpo ihes egiten utzitako puntu guztiak etxetik atera behar dira. Konponbidea zein den esatea erraza den neurri berean da zaila berau arrera eramatea. Ez zaio, baina, beste erremediorik geratzen Eibarri. Behin eta berriz etxetik kanpo galtzaile izaten ari denez gero, Teneriferen aurka bihar arratsaldeko 18.30etik aurrera jokatuko duen neurketan garaipena eskuratu beharko du.
Ez dago egoera larrian Manix Mandiolak zuzentzen duen taldea. 14. postuan dago 37 punturekin; hots, jaitsiera baino sei puntu gorago, baina hobe du Teneriferi irabaztea, arazo larriagoetan sartu nahi ez badu.
Ondorioz, «bere buruari» begiratzea nahiago du eibartarren entrenatzaileak Teneriferi so egon baino.
«Tenerifek gorantz begiratzen du, baina goiko taldeekin bat egiteko, beharrezkoa du larunbatean ¯bihar¯ Ipuruan irabaztea. Tenerife maila handiko taldea da, aukerak izango ditu, baina guk irabazteko jokatu behar dugu», esan zuen entrenatzaile eibartarrak.
«Argi dago etxean lortzen ditugun emaitzak kanpoan erdiesten ditugunak baino hobeak direla, baina hori talde askori gertatzen zaio, baita Teneriferi berari ere».
Debabarreneko taldeak etxean jokatzen dueneko ohiturari jarraituz, jokalari guztiak deitu ditu Manix Mandiolak, Etxabe eta Manel izan ezik. Etxaberi artroskopia bat egin diote eta Manelek, berriz, min hartuta jarraitzen du.