Bat formula Malaysiako Sari Nagusia
Erreferentzia errealagoa izango da Malaisiako Sari Nagusia
Pasa den asteko ezusteko guztien ondoren, Malaysiako Sari Nagusiak erakutsiko du zein den talde bakoitzaren benetako egoera.
Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ
Astebete ere ez da igaro Australiako Sari Nagusia jokatu zenetik. Baina 1 Formula, egunero egon da prentsako lehen orrialdeetan, dela gidarien adierazpenengatik, dela talde batzuek sortutako kezkengatik. Joan den igandeko lasterketa ustekabeen ondorioz iltzatuko da jendearen oroimenean. Ferrarik txanponaren alde txarrena erakutsi bazuen, Renault, Williams eta BMWk uste baino hobeto bukatu zuten Melbourneko Saria.
Atseden hartzeko ia astirik utzi gabe, asteburu honetan ere txapelketaren beste proba bat jokatuko dute; Malaysian. Talde guztiak ari dira lan gogorra egiten; batzuek, ordea, besteek baino behar handiagoa dute hobetzeko. Zenbaitek, egindako akatsak zuzentzeko erabiliko du aste hau. Beste zenbait, ordea, motoreen hobekuntza txikietan aritu dira lanean.
Sepang-eko lasterketa Mundialeko bigarren proba baino ez da. Batzuentzat, berriz, hori baino askoz gehiago izango da. Sari honek benetako ebaluazio lana egingo omen du. Australian, lehen lasterketa izatearen aitzakia erabil zitekeen. Asteburu honetan, ordea, aitzakia horrek ez du balioko. Malaysiak utziko du argi nor dagoen sasoiko, eta nork dituen arazo larriak.
Australiako lasterketaren ondoren, Ferrari geratu zen galtzaile nagusi. Taldeko bi gidarien artean, puntu bakarra baino ez zuten lortu, eta hori ez da gauza arrunta Ferrariren mailako talde baten. Dena den, Ferrariko mekanikariak baikor dira, eta esan dute ez dutela motor gehiagorik apurtuko.
Txanponaren beste aldean Williams dago. Talde ingelesa izan zen joan den asteburuko lasterketaren ostean baikorren zegoena, 9 puntu lortu eta sailkapen nagusian bigarren jarri baitzen. Azken bi urteetan emaitza txarrak lortu ondoren, badirudi garai baten 16 Mundial irabazi zituen talde indartsu hura izatera hel daitekeela.
Renault-ek ere presentzia nabarmena hartu du medioetan aste honetan, igandeko emaitza onaren ostean. Baina tentuz dabiltza. «Ezin dugu ahaztu igandeko azken itzulietara arte, oro har, oso asteburu txarra egin genuela», esan du Fernando Alonso gidari asturiarrak. «Hobetzeko asko daukagu, eta gure mekanikariak horretan daude buru-belarri» gaineratu du.
Denak zerura begira
Sepang-eko zirkuitua duen zailtasunagatik da ezaguna. Jarno Trulli Toyota-ko gidariak esan du zirkuitu guztien artean Malaysiakoa dela exijentzia fisiko handiena eskatzen duena. Zirkuituaren zailtasun hori, ez da duen ibilbide malkartsuagatik bakarrik. Zirkuitu honek meteorologian dauka beste oztopo nagusia. Sepang kokapen geografiko berezian dago eta bertako eguraldi baldintzak oso gogorrak dira. Eguzkiak gogor jotzen duenean, Mundialeko zirkuiturik beroena da. Prezipitazioak daudenean, aldiz, euri jasa bortitzak izaten dira.
Talde guztiak, oso kezkatuta agertu dira eguraldia dela-eta. Atzo arratsaldean zirkuituko prentsa arduradunak esan zuenez, asteburuan, «euria izateko arriskua dago». Berria gogo txarrez hartu zuten talde gehienek. Gidariek nahiago dute euririk ez egitea. Zirkuituak ez omen du ondo xurgatzen ura, eta putzu handiak sortzen dira.
Kartak mahai gainean daude. Ferrarik aurreko asteko sentsazio txarra kendu nahi du gainetik, McLaren-ek emaitza berdinari eutsi nahiko dio, eta atzekoek, aurrerago egon nahiko dute. Espektakulua, berriro ere, ziurtatuta dago.
La alcaldía de Sao Paulo firmó ayer un contrato que le permite continuar organizando el Gran Premio de Brasil.
Para facilitar el acuerdo, se ha programado la construcción de 5.000 nuevos asientos que se unirán a los 18.000 ya existentes.
El Gran Premio de Brasil genera unos 118 millones de dólares y 14.000 puestos de trabajo directos o indirectos.