GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zentroaren ezizenak

Aste santua ez da egun atzo zen hura, oraindik ere prozesioak eta erromatarren pelikularen batzuk pantailaratzen segitu arren; hori bai, iragarkiak berriak izaten dira, urtean urtekoak. Baina astea inondik ere ez da lehengoa; orain pasio gutxiago eta kalbario gehiago dakar aste barruak. Pasioa paseo bihurtu da, argazki kameraren botoia higatu arteko paseoa. Susmoa daukat batzuek argazki kamera bideoarena balitz modura erabiltzen dutela, botoia atzamarraren parte sentitzen dutela. Kalbarioak, ostera, ez du bere grazia galdu, eta hortxe dira hainbat eta hainbat fededun, autoa gurutze hartuta, ordainlekura daroan aldapan, errenkadan, autobia kruzis batean. Kokotaraino golgotarekin! Ama, ama! Gogoan daukat gaztaroaren aste santu hura, latinez bizitzen behar genuen astea, haragia jateari uzten geniona, tabernek itxita zeudenean, eta gaztetxerik ez. Kontuak atera, orduko polizia grisez zihoan. Bijilia zen nagusi, denetan. Orain, ostera, bijilantzia da nagusi, bideotik bideora. Polizia asko eta askotarikoa da nonahi, kolore guztietakoa. Haragia jaten dugu, bai, baina auskaloko ganaduarena izateak ez die askori ardura. Gaztetxeak izan badira, bai, baina ez gazta-etxe beste, bazter askotatik sortzen ari baitira markadun gaztak. Orduko aste santua diktaduran zen, gaurkoa, berriz, demokrazian; bai zera! Horrexegatik ez dugu gaur latinez esaten, arameraz baino! Biraoak eta arneguak!

Hala ere, orduko politikan behintzat argi zegoen zer zen eskuin eta zer ezker, orain baino argiago sikiera. Egun biodibertsitate kontu horrekin ezinezkoa zaigu nor-zer-non zehaztea, begira bestela, kasurako, Pabeko Kontseilu Nagusian izan berria. Batzuetan arazoa transfugak dira eta beste batzuetan alderdian geratu direnak. Atera kontuak! Loterian asmatzea errazagoa izaten da politikan baino, azken batez zenbakiek ez dute eskurik. Elizaren erruaz da hori, eskuineko eskuak ezkerrekoak egina ez dezala jakin agintzeagatik. Gorputz bereko esku biek ez badute elkarren berri, atera kontuak gorputz desberdinez osatutako mahai batekoa zer demontre izan daitekeen! Total, gaur gaurkoz hizkera ofizialean ezkerra eta eskuina zentroaren ezizen bi baino ez dira, periferiaren kalterako.

Ene, ene! aste santuaz hasi eta periferiaz amaitu, hauxe bidaia! Eta Aberri Eguna! Apropos ipini ote zuten aste santuari lotuta? Kapaz. Agur, ben-hur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo