GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Ondarroako Radixu irratiak denboraldi berria estreinatu du

Ondarroako irrati askeak udaberriko programazioa aurkeztu du, eta bertan ostiral gauetan igorriko duten kirol irratsaio berria aurki daiteke. Iaz hasitako hainbat egitasmori ere eutsiko diete hamazazpi urteko ibilbidea duen irrati hau osatzen duten hogei lagunek.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Martxoan hasi eta uztailera arte iraungo duen programazio berria aurkeztu dute Ondarroako irrati librea den Radixu Irratikoek. Jada hamazazpi urte igaro dira ekimena bultzatu zutenetik eta, urteak pasatu ahala, programazioa sendotzen eta finkatzen joan da. Bide honetan koka daitezke aurten estreinatuko duten irratsaio berria eta iaz bultzatu zituzten apustuekin aurrera jarraitzea. «Bokarena Celtic» kirol saioa azpimarra daiteke aurtengo berrikuntza garrantzitsuena bezala. 24.00etatik 1.30etara emango dute futbola ardatz hartuko duen saio hau. Baina talde ezagunen jarraipena egin ordez, maila apalagoetan biltzen direnen berri emango dute irratikoek.

Jarraipena izango dutenen artean, iaz hasitako «Erozemat» magazina dago, «emakumeen ahotsa eta literaturzaleen kutsua» duen ekimena da, antolatzaileen hitzetan. «Izarren gaua» saioak ere jarraituko du herriko jende esanguratsua elkarrizketatzen eta gaurkotasuna duten gaiak jorratzeko berriketaldiak antolatzen. Irratiaren jarraitutasuna ziurtatzen duten saioen artean, «Institutun ezaututakuk» nabarmendu daiteke, honetan jende gazteak eta hasi berriak parte hartzen baitu, hau da, «odol barria», irratiko antolatzaileek azaldu dutenaren arabera.

Saio finkoak

Berrikuntzez gainera, ibilbide luzeagoa duten irratsaioak ere mantenduko dituzte programazioaren barruan. Esate baterako, «Naranja Azule», «Azken Mohikanoak», «Hilbehera» edota «Terranobako Salau». Saio gehienak astelehenetik igandera gaualdean igortzen dira, ordu ezberdinetan egunaren arabera.

Irrati honetako antolatzaileek azaldu dute saioen artean geratzen diren tarteetan aukeratutako musika «berezia eta bereizia» eskaintzen dutela, beste irratietan «nekez entzun ahal dena», hain zuzen ere. Horrela ibili dira azken hamazazpi urteetan, eta badirudi horrela jarraituko dutela tarte luzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo